Etxean jokatu zuten lehen saioa Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga kide dituen eskifaiak; hilaren 6an, VIII. Fabrika Bandera lehiatu zen Donostiako Kontxako badiako uretan.
Lehen txandan Hondarribia Bertako Igogailuak Cabo da Cruz, Tiran eta Hibaikarekin batera parte hartu zuen eta Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea, Orio Orialki eta Nortindal Donostiarra bigarrenean borrokatu ziren.
Cabo da Cruz izan zen garaile lehenean; hasieratik buru jarri zen eta Ama Guadalupekoak saiatu arren, ezin izan zuen Galiziako ontzi gainditu. Beraz, bigarren amaitu zuen saioa eta sailkapen orokorrean seigarren izan zen.
Bigarren txandan, lehia estua egon zen estropadako lehen luzean. Orio Orialkik hartu zuen aurre eta Donostia Arraun Lagunak eta Tolosaldea gertu zituen. Bi ontziek mirotzak gainditu zituzten ziabogara bidean eta ziaboga egitean zortzi segundoko aldea atera zion Lugañenek Tolosaldeako eskifaiari. Orio Orialkik bigarren luzean errenta murriztu arren, ziabogako postuak mantendu zituzten helmugan eta 12.53,38 eginez garaile izan zen Donostiako ontzia.
Lugañene, garaiezin
Hurrengo egunean ere Donostia Arraun Lagunak aurkari berak izan zituzten Zierbenako (Bizkaia) IV. Edinor banderan eta berriro ere, Donostia Arraun Lagunak-ek altxa zuen garaikurra.
Lugañene hasieratik nagusi izan zen. Ziabogan bost segundoko aldea atera zion Donostiarrari eta helmugan 10.41,82 denbora egin zuen.
Lehen txandan garailea aldatu zen, ordea; Ama Guadalupekoa izan zen estropadako buru eta 11.04,14 eginez, saioa irabazi zuen. Azkenean, bosgarren amaitu zuen jardunaldia.
Era horretara, herriko ordezkarien ontziek euren postuak mantendu zituzten Euskotren Ligan. Donostia Arraun Lagunak buru da 32 punturekin eta Hondarribia Bertako Igogailuak bosgarren (17 p.).
Bizkaia aldean jarraituko dute ligako lehia hilaren 13an eta 14an; Bilbon zein Sestaon izango dituzte jardunaldiak herriko kideak dituzten traineruek.