Ekonomia berdea enpresaren lehiakortasunerako programaren baitan, Mankomunitateko kide diren herrietako enpresen iraunkortasunarekin zerikusia duten arlo ezberdinak lantzen hasteko asmoz, sektore ekonomiko zehatzei zuzendutako elkarrizketak eta prestakuntza saioak antolatuko ditu Beterri Buruntzako Mankomunitateak. Elkarrizketa horien bidez eskualdeko eragile ekonomiko ezberdinek dituzten ingurumen izaerako beharrak eta kezkak ezagutu nahi ditu mankomunitateak, horiei erantzuteko gai diren eskualde mailako ekimenak abiarazi ahal izateko. Horrekin batera, formakuntza saioak antolatuko ditu, gaur egun enpresek, erakunde publikoek nahiz herritarrek dituzten ingurumen erronkei erantzuteko gai izan daitezen.
Aurrera eramango dituzten aipatu saioek energia izango dute ardatz eta ekonomia zirkularraren kontzeptua ulertzeko gakoak ere eskainiko dituzte. Horrela, zerbitzuen sektoreko eragileei dei egin diete horietan parte har dezaten.
Bihar, hilaren 10ean, asteazkenarekin, izango da, 13:30ean Lasarte-Oriako Mirentxun. Lehenik, bertaratutakoei zuzendutako elkarrizketa bat egingo dute, enpresetan energiaren inguruko kudeaketarekin zerikusia duten ezagupenak zer nolakoak diren eta kezka nagusiak zeintzuk diren ezagutzeko asmoz. Ondoren, sektorearen ezaugarriekin bat datorren formakuntza eskainiko zaie. Bi orduko iraupena izango duela iragarri dute antolatzaileek, eta bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Horretarako honako bi bide hauek jarri dituzte interesdunen eskura: iraunkortasuna@beterriburuntza.eus helbide elektronikoa edo 688 862 133 telefono zenbakia.