Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ikasi eta azterketa euskaraz egitea bultzatu asmoz Buruntzaldeko sei udalek (Lasarte-Oria, Andoain, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbil) 2009. urtean egitasmo bateratua jarri zuten abian eskualdeko autoeskolekin lankidetzan. Egitasmo horren bidez, Buruntzaldeko herritarrei, batez ere gazteei, gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera dutela jakinarazten zaie, eta pizgarri moduan, aipatu eskualdeko azterketaren atal hori gainditzen dutenen artean, gehienez 400 euroko sariak zozkatzen dituzte herri bakoitzean dagoen autoeskola kopurua aintzat hartuta.
Berrikuntza eta guzti
Aurtengo kanpainak berrikuntza nagusi bat izan du, hain zuzen, Gidabaimenak euskaraz programa. Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak jarri du martxan, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, eta horren bidez, euskarazko material berri-berria erabiltzen ari dira autoeskoletan, azterketa teorikoa euskaraz eta kalitatez prestatu ahal izateko. Hori "berri ona dela" azpimarratu dute kanpainaren ordezkariek, eta gaineratu dute material zaharkitua berritzeko urte luzez egindako eskaeraren eta berau prestatu, zabaldu eta erabilgarri jartzeko lanaren emaitza dela. Gauzak horrela, Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzutik lasarteoriatarrak aukera hori aprobetxatzera animatu nahi dituzte, eta era berean, gizarteko esparru guztietan euskaraz aritzeko benetako aukeren alde lanean jarraituko dutela adierazi nahi dute saileko arduradunek.
Sari banaketarekin batera amaitutzat jo dute aurtengo kanpaina.