Uztailarekin batera bueltatu da Kale antzerkia bultzatuz egitasmoa. Hilabeteko lehen saioan, baso bilakatu du Panta Rhei antzerki taldeak Askatasuna parkea, Irdin hartz kume abandonatuaren istorioa kontatzeko. 'Izarren hartza' lorategiko gune batetik bestera joanez antzeztu dute, eta Hamelingo flauta jotzailearen pareko, eskusoinuarekin testu gabeko kontakizuna girotu duen kideak erakutsi die bidea ikusleei. Protagonista bere lekuaren bila dabil, zoriontsu bizitzeko aukera emango dion familia eta etxe bat topatu nahian. Bidean urtxintxa baten lagun egingo da, putrea eta oreina ezagutuko ditu eta beldurtzen duen otso zuriari aurre egin beharko dio. Adi-adi jarraitu dute ipuina bertaratu diren haurrek, eta aukera izan dutenean, animaliekin "jolasean" ere aritu dira.