Buruntzaldea IKTko infantilak, bikain Euskal Herriko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 4a, 15:45

Infantil mailako Euskal Herriko txapelketan parte hartu duten igerilariak dominekin. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko bost igerilarik infantil mailako Euskal Herriko txapelketa lehiatu zuten, ekainaren 29an eta 30ean. Galdakaoko (Bizkaia) Urreta igerilekuan maila ederra erakutsi zuten herriko taldeko gazteek hamar domina jantzi, marka pertsonalak ondu eta 4x200 m. libre erreleboko Espainiako txapelketarako gutxienekoa eskuratu zuten

Galdakaora (Bizkaia) egin zuten bidaia ekainaren 29an eta 30ean Buruntzaldea IKTko Kimetz de la Cruz, Ibon Elola, Oihan Matute, Iñaki García eta Mario Amantegik. Boskoteak ederki egin zien aurre proba ezberdinei eta podiumera igo ziren hamar bider:

Urrea Zilarra Brontzea
  • Iñaki Garcia: 50 m. libre, 100 m. libre eta 100 m. bizkar.
  • Oihan Matute: 800 m. libre.
  • Iñaki García: 200 m. lau estilo.
  • 4x200 m. libre erreleboa.
  • 4x100 m. libre erreleboa.
  • Ibon Elola: 50 m. bizkar.
  • Oihan Matute: 200 m. libre.
  •  4x100 m. lau estilo erreleboa.

Marka pertsonal ugari ere ondu zituzten eta taldeko arduradunek nabarmendu dutenez, mutilen taldekako sailkapenean podiumetik hemeretzi puntu eskasera geratu ziren.

Hobetutako markak honakoak izan ziren:

  • Iñaki Garcia: 50 m. libre, 24,51; 100 m. bizkar, 01.01,93 eta 200 m. libre, 02.00,47.
  • Mario Amantegi: 100 m. eta 200 m. libre, 59,21 eta 02.07,37.
  • Kimetz de la Cruz: bizkar erako 100 m. eta 200 metroetan, 01.05,89 eta 02.20,86.
  • Oihan Matute: 200 m. bizkar, 02.22,02; proba horretako 100 metroetako pasean, 01.09,71; 800 m. libre, 09.10,85; 100 m. libre, 57,96; 200 m. lau estilo, 02.22,29) eta proba bereko 50 m. tximeleta pasean, 31,19.

Erreleboa, Espainiako txapelketara

Horrez gain, Iñaki Garcia, Ibon Elola, Mario Amantegi eta Oihan Matute laukoteak uztailaren 18tik 21era Sabadellen (Katalunia) ospatuko den Infantil Mailako Udako Espainiako Txapelketarako txartela lortu zuen 4x200 libreko errelebo proban.

Buruntzaldea IKTKo prestatzaileek azaldu dutenez,  "azken aldian infantilen erreleboetan ikusi dugun hobekuntzarekin, taldea estatu mailan egon zitekela amesten hasia zegoen jada, gutxienekoak gertu baitzeuden".

Markaren lorpena ederki ospatu zutela ere onartu dute: "Momentu benetan polita bizi izan zuten denek igerilekuan, igerilari, guraso zein entrenatzaileak pozarren ospatu baitzuten eta horrelako lorpen batek askotan bakarkako lorpenak baina poz gehiago ematen baitute". 

Era horretara, laukoak Espainiako Udako Txapelketa izango du denboraldiko azken hitzordua; Kimetz de La Cruzek oporrak hartuko ditu. Erreleboaz gain, Oihan Matute eta Iñaki Garcia ere bakarka lehiatuko dira lehiaketa horretan. Matutek 400 m. libre proban egingo du igeri eta Garciak, aldiz, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre eta bizkar erako 50 m. eta 100 m. probetan lehiatuko da. Beraz, ordura arte lanean jarraituko dute lauek.