Donostia Arraun Lagunak, Galizian nagusi

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 3a, 10:00

Donostia Arraun Lagunak, A Coruñako uretan lehian. Arg.: Euskotren Liga / A. Arrizabalaga

Arraun ligak hasi dira Galizian. A Coruñan eta Bueun lehiatu diren bi jardunaldietan Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herriatarrak kide dituen Donostia Arraun Lagunak izan da garaile Euskotren Ligan; Intza Fernandezen Hondarribia Bertako igogailuak, aldiz, bosgarren postuan da sailkapenean

Euskotren Liga hasi da eta Donostia Arraun Lagunak sailkapen buru da. Hilaren 29an, VII. Cidade da Coruñako bandera lehiatu zen eta egun bat geroago, Concello de Bueuren lehen bandera. Bietan Lugañene izan zen garaile. 

A Coruñan lehen txandan parte hartu zuen Donostiako ontziak eta Orio Orialki, Cabo da Cruz eta Tiran izan zituen aurkari.  Nagusi izan zen A Coruñako uretan. Aurre hartu eta ziabogan lehena izan ostean, hamabi segundoko aldea atera zion Oriori helmugan.

Hondarribia Bertako igogailuak, aldiz, bigarren txandan izan zen Hibaiak Jamones Alcin, Nortindale Donostiarra eta Tolosaldearekin batera. Donostia eta Tolosaldeako ontzien arteko lehia izan zen lehen luzean; ziabogan segundo bateko aldea zegoen. Bigarren luzean Tolosaldeak bere indarra erakutsi eta Donostiarra gainditu zuen. 

Hondarribia hirugarren postuan joan zen eta ziabogan Donostiarrarekiko zazpi segundoko aldea bazuen ere, bigarren luzean aldea asko murriztu zuen donostiarretatik ehunekoetara geratuz.

Lehen txandako postuak kontuan izanda, Tolosaldeak, Nortindale Donostiarrak eta Hondarribiak Galiziako ontzien denborak ondu zituzten eta Hondarribiak bosgarren amaitu zen lehia.

Nagusi hasieratik

Bueun txanda trukaketa izan zen. Lehenean Ama Guadalupekoak Hibaika zein Cabo da Cruz eta Tiran ontzi galiziarren  aurka neurtu zituen indarrak 

Hibaikak hartu zuen aurre eta ziabogan ere lehena izan zen. Bigarren luzean, aldiz, Hondarribiak pixkanaka aldea txikitu zuen eta lehia estau izan zen azken metroetan, azkenean, 56 ehunekora geratu zen Fernandezen ontzia. Bigarren zen, baina oraindik bigarren txanda geratzen zen eta horren ostean, seigarren amaitu zuten berdeek.

Bigarren txandan izan zen Lugañene; Orio Orialki, Tolosaldea eta Nortindale Donostiarra izan zituen aurkari. Hasieratik buru jarri zen Belartieta eta Goenaga kide duen eskifaia eta ederki mantendu zuten errenta helmugaraino. Tolosaldea zortzi segundora  iritsi zen. 

Era honetara, Donostia Arraun Lagunak Euskotren Ligako sailkapeneko buru jarri da, 16 punturekin eta Hondarribia Bertako igogailuak, aldiz, bosgarren da, 7 puntu.