Naroa Furundarena Espainiako laugarren izan da jauzi hirukoitzean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 2a, 12:15

Naroa Furundarena, Espainiako txapelketan jauzi egiten. Arg.: rfea

Espainiako atletismo txapelketa lehiatu da ekainaren 28tik 30 era, La Nucia, Alacanten. Lasarte-Oriak ordezkari bat izan du bertan, Ostadar SKTko Naroa Furundarena. Atleta gaztea Estatuko jauzilari onenen aurka lehiatu zen, hala nola, Ana Peleteiro edo Tessy Ebolese bi probatan: jauzi hirukoitza eta luzera jauzia. Jauzi hirukoitzean podiumera igotzetik gertu geratu da herritarra

Ekainaren 28an, jauzi hirukoitzeko probari egin zion aurre lasarteoriatarrak. 12,57 metroko jauziarekin zortziko finaletako sailkatu zen herritarra eta bosgarren eta seigarren saiakeretan egindako 12,75 metroko markari esker, laugarren postuan amaitu zuen lehiaketa. Hirugarrenetik 13 zentimetrora geratu zen.
 
Egun bat geroago, luzera jauzi proban parte hartu zuen. Lehen postuetan egiteko aukera gutxiago zeuzkan lehia horretan. Hala ere, bere onena ematen saiatu zen herritarra. 5,69 metroko jauziarekin eta bi hutsekin ezin izan zuen finalerako txartela eskuratu, ordea; hamabigarren postuan amaitu zuen proba.
 
18 urtez azpikoa, asteburuan
Absolutu mailakotik 18 urtez azpikora, hilaren 6an eta 7an, Malagan lehiatuko dute atleta gazteek Espainiako txapelketa. Ostadar SKTk bi ordezkari izango ditu bertan: Iraia Alkorta, 100 m lasterketan eta Oinatz Almagro, jauzi hirukoitzean.