Euskotren Liga hastear da A Coruñan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 27a, 13:45

Aiora Belartieta herritarra, brankan, iazko Fabrika bandera lehiatzen. Arg.: Euskotren Liga / Aitor Arrizabalaga.Arg.: Euskotren Liga / A. Arrizabalaga

A Coruñatik Zarautzera, Euskotren Liga hilaren 29an hasiko da eta abuztuaren 18ra arte astebururo lehia izango dute Aiora Belartieta, Nahia Goenaga eta Intza Fernandez herritarrek 

Arraun ontziak eta eskifaiak prest daude. EuskoLabel zein Euskotren Ligak Galizian hasiko dira hilaren 29an eta ligan parte hartzen duten trainerek hitzordu bikoitza izango dute Atlantikoko uretan; hilaren 29an, A Coruñan (A Coruña) eta hilaren 30ean, Bueuen (Pontevedra) lehiatuko dira.

Euskotren ligan, zortzi ontzi izango dira saria eskuratzeko borrokan –Cabo, Tiran, Orio Orialki, Donostiarra Kaiarriba, Donostia Arraun Lagunak, Hibaika, Tolosaldea eta Hondarribia Betiko Igogailuak– eta horietako bietan hiru herritar izango dira euren harritxoa jartzen; Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga Donostia Arraun Lagunak-en Lugañeneko tostan izango dira eta Intza Fernandez Hondarribia Betiko Igogailuak-en Ama Guadalupekoan.

Galizia, Kantabria, Bizkaia zein Gipuzkoako kostaldean lehiatuko dituzte jardunaldiak; hamasei guztira eta abuztuaren 18an, Zarautzen amaituko da txapelketa.

Ligako azken sailkatuek ez dute atzedenik izango, ordea; irailean 14an eta 15ean jaitsiera izango dute jokoan Bermeo eta Portugaleten lehiatuko diren bi jardunaldietan. 

Donostia Arraun Lagunak-ek eskuratu zuen iaz garaikurra eta aurten ere indartsu dagoela erakutsi du denboraldiaurrean; hainbat proba irabazi ditu eta Gipuzkoa, Euskadi zein Espainiako txapeldun da.

Hondarribia Betiko Igogailuak ontziak jaitsiera saihestu zuen iaz. Denboraldiurrean hainbat probatan gailendu da eta lehen lau postuetan egoteko borrokatuko da.