Xabat Martin txirrindulari gazteak denboraldi ederra egin du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 27a, 11:00

Xabat Martin (erdian), Euskadiko txapela eta garaikurrarekin. Arg.: Andoaingo Txirrindularitza Eskola.

Lasarte-Oriako Buruntzazpi txirrindularitza eskola desagertu zenetik, Lasarte-Oriako gazteak inguruko herrietako eskoletan garatzen dute euren zaletasuna. Xabat Martin eta Luken Garmendia Andoaingo Txirrindulari Eskolan ari dira. Martinek emaitza paregabeak lortu ditu aurten; eskolarteko infantil mailako Gipuzkoako zein Euskadiko txapeldun da

Otsailean hasi zen errepideko lehiaketen denboraldia. Mailaren arabera, egutegi ezberdina izan dute kirolariek.

Eskolarteko kideek, esaterako, otsailaren 24an eman zioten hasiera eta hilaren 29an, larunbatarekin dute azken hitzordua. Maila horretan lehiatu da Andoaingo Txirrindulari Eskolan dagoen Xabat Martin herritarra, infantil mailan zehazki eta denboraldi ederra egin du gazteak.

Hainbat probatan parte hartu du Martinek –Andoain, Zegama, Segura, Urnieta, Zaldibi, Beasain edo Zizurkil– eta gehienetan podiumeko lehen mailara igo da herritarra. Maiatzean jokatu ziren Gipuzkoako txapelketan (maiatzak 5, Irun) eta Euskadiko Kirol Jokoetan (maiatzak 26, Sondika, Bizkaia) ere garaile izan zen Andoaingo Txirrindularitza Eskolako kidea.

Talde berean baina kadete mailan Luken Garmendia herritarra dabil lehian. Maila horretako txirrindulariek ez dute ekainean denboraldia amaituko, ordea; hurrengo hilabeteetan ere hainbat probari egin beharko diete aurre.

Oraingoz Lizarra, Zaldibar, Zumaia, Eibar, Agurain.... Gipuzkoa, Bizkaia, Araba zein Nafarroako lasterketetan parte hartu du txirrindulari gazteak; Euskadiko txapelketan ere izan zen maiatzaren 1ean.