Beltza RTko jokalariak, selekzioekin lehian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 26a, 13:00

Alex Saleta, atzean, taldekidearen ostikadari begira. Arg.: FERugby

Ligak amaitu diren arren, Beltzak RTko eskolako zein harrobiko jokalariek ez dute atsedenik. Euskadi eta Gipuzkoako selekzioekin jokoan izan dira eta Alex Saleta herritarrak Ozeaniara egingo du bidaia Espaniako taldearekin

Alex Saletak Espainiako selekzioaren egonaldia amaitu du Valladoliden (Gaztela  eta Leon) eta  lehoiek uztailean Ozeaniara egingo duten bidairako deialdian dago.

Hilaren 30ean, Bartzelonan bilduko dira jokalariak eta prestatzaileak lan egiteko eta uztailaren 3an hasiko dute bidaia. Uztailaren 13an eta 19an,  Samoa eta Tongaren aurkako jokatuko dute.

Ozeaniako bira 2027ko Australiako Munduko txapelketako sailkapena lortzeko lehen pausoa da.

Beste txapelketak

Hilaren 15ean eta 16an, Gipuzkoako edo Euskadiko selekzioarekin izan dira Erik Perez, Eneko Sanchez eta Joanes Arroyo.

Perezek  Ordizian antolatu zen Haurugby txapelketan parta hartu zuen Gipuzkoako selekzioarekin. Okzitania, Iparralde, Gipuzkoako zein Estatuko 11 talde Bildu ziren lehiaketak. Herritarrak hamabostekoan jokatu zituen neurketa guztiak eta finalera iritsi ziren. Valladolideko El Salvador taldearen aurka neurtu zituzten indarrak; Gaztela eta Leongo taldea gailendu zen.

Sanchezek, aldiz,  Euskadiko  Selekzioko kidea izan zen 16 urtez azpiko  CESA 7 txapelketan eta bosgarren postua eskuratu zuten. Multzoen  fasean  Gaztela eta Leon eta Kanariar Uharteak gainditu zituzten. Madrilen aurka, ordea; galdu zuten. Final-laurdenean Katalunia izan zuten aurrez aurre eta gerora txapeldun izango zen taldeak 0-38 garaitu zuen Euskadi. Bosgarren postuaren lehian berriro ere Gaztela Leon izan zuten aurkari eta 49-0 irabazi zion Euskadik.

Donibane Lohitzunen, aldiz, Euskal Errugbiaren Bestan errugbi 7ko zazpi probintzien txapelketa jokatu zen. 18 urtez azpiko Gipuzkoako selekzioak parte hartu zuen eta Joanes Arroyo izan zen taldeko kide.  Nafarroa Beherea, Araba, Lapurdi eta Zuberoaren aurka lehiatu ziren eta ezin izan zituzten garaitu.