Jolasean ibili dira bertsoekin

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 25a, 16:46

'Udaberriko bertso jasa, bat-bateko jolasa' saioa aurrera eraman dute gaur goizean Ttakunenean. Lierni Rekondo eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariek diziplina hori zertan den azaldu diete ekimenera bertaratu diren haurrei. Ikus-entzule ez ezik, jarduerak iraun bitartean partaide aktibo izan dira gaztetxoak. Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatu dute, elkarlanean.

Ordubete pasatxo iraun du saioak eta Hezkuntza arloan jarduten duten bi bertsolari aritu dira koplaka, Lierni Rekondo herritarra eta Iker Ormazabal Tturko. Unai Mendizabalena da gidoia eta bera da zuzendaria.

Bertsolaritzako ohiko zirkuituan eskaintzen dituzten saioak helduentzako izan ohi dira. Bertsolariek adin tarte horretako ikus-entzuleei kantatzen diete, eta, horregatik, erabiltzen dituzten hitz, esamolde, gai eta bestelako komunikatzeko moduak haiei bideratuta daude. Eskema hori hautsi eta haurrak diziplina horretara erakartze aldera, formatu desberdin baten alde egin dute Ttakunek eta udalak. Illarramendik eta Antxordokik nabarmendu dute "beharrezkoa" izango dela haurrek parte hartzea: "Ikus-entzule ez ezik, partaide aktiboak izango dira". Gai jartzailerik izango ez denez, publikoko boluntarioen ideiekin inspiratuko dira Rekondo eta Ormazabal, hitzekin nahiz errimekin jolasteko. "Gaztetxoen interesa piztu eta etorkizunean Earra! bertso eskolan izena emateko lagungarria izan daitekeelakoan gaude".