Urteko kanpaina "politenetako bat" aurrera eramango du Aterpea merkatarien elkarteak uztailaren 1etik 14ra: Eskuratu 1.000 euro. Ekimenaren helburua da herriko komertzioetan erosteko ohitura sustatu eta establezimendu horiek indartzea. Horretarako, egitasmoarekin bat egin duten dendetan uztailaren 14a baino lehen erosten duten bezeroek, 1.000 euroko erosketa txartel baten zozketan parte hartuko dute.
Irabazleak, hiru orduko denbora tartea izango du erosketa guztiak egiteko, eta kanpaina martxan jarri dutenek ohartarazi dute ezingo dituela hamar bonu baino gehiago erabili establezimendu bakar batean. Horrez gain, herriko dendetan egin beharreko ibilbidea gauza dezan, Aterpeak auto "dotore" bat jarriko du bere eskura.
Udaleko Sozioekonomia departamentuko buru Nuria Fernandezek nabarmendu du egitasmoa "oso baliagarria" dela Lasarte-Oriako komertzio txikiak bultzatzeko eta eskerrak eman dizkie Aterpeako kideei gisa horretako jarduerak antolatu eta aurrera eramateagatik.