Lasarte-Oriako atletak, bikain lehia ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 25a, 10:30

Eider Redondo, luzera jauziko podiumean. Arg.: G. Redondo.

Durango, Ordizia, Kantabria edo Galizia... Lasarte-Oriako atletak lehiatik lehiara ibili dira hilaren 22an eta 23an. Maila handiko lehiei egin diete aurre. Horien artean, 16 urtez azpiko Euskadiko txapelketa lehiatu da eta Ostadar SKTko Eider Redondo eta Iugatz Almagro euren probetako finaletan izan dira; Redondok gainera bi domina jantzi ditu: urrezkoa luzera jauzian eta zilarrezkoa 100 m. hesi lasterketan 

Durangon lehiatu da 16 urtez azpiko Euskadiko txapelketa. Ostadar SKTk bi ordezkari izan ditu –Eider Redondo eta Iugatz Almagro– eta biak lehen hamarren artean sailkatu dira euren probatan.
 
Redondok hiru probetan partu hartu zuen. Luzera jauzian Eusakdiko txapeldun izan zen 5,40 metroko jauziarekin; 100 metro hesi lasterketan podiumeko bigarren mailan izan zen, 16,04 eta xabalina jaurtiketan laugarren geratu zen 27,48 metroko jaurtiketarekin.
 
100 m. lasterketa eta luzera jauzi proban parte hartu zuen Almagrok bietan finaletan izan zen. Lasterketa proban 13,11 marka eginez zazpigarren izan zen eta 4,78 metroko jauziarekin zortzigarren amaitu zuen luzera jauzi proba.
 
Beste probak
 
Lasarte-Oriako bi ordezkari izan ziren ere Ordiziako Nazioarteko Jose Natonio Peña Mitinean.; Ostadar SKTko Iraia Alkorta eta Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz. 100 m. lasterketan lehiatu ziren biak eta finalerdietan geratu ziren, 12.35 eta 10.92 markak egin zituzten, hurrenez hurren.
 
Talde urdin beltzeko Aiala Ramosek, aldiz, Galiziara egin zuen bidaia Euskadiko selekzioarekin. 18 urtez azpiko Federazio arteko Espainiako txapelketa lehiatu zen Pontevedran eta xabalina jaurtiketa proban parte hartu zuen Ostadarreko kideak; 30,97 metroko jaurtiketa egin zuen. 
 
Azkenik, Oinatz Almagro taldekideak Kantabriako txapelketan parte hartu zuen. Lehia nagusian sartu ez arren, kirolariaren asmoa Espainiako txapelketarako gutxienekoa eskuratzea zen proba horretan. 13,44 metroko jauziarekin gertu geratu zen.
 
Espainiako txapelketa
San Pedro jaiak iritsi arren, Ostadr SKTko Naroa Furundarena atletak urteko hitzordu garrantzitsuenari egingo dio aurre. Hilaren 28tik 30era Espainiako txapelketa jokatuko da Alacanteko La Nucia herrian.
 
Herritarra Estatuko kirolari onenekin borrokatuko da bi probatan. Hilaren 28an, 21:10ean, jauzi hirukoitzeko lehia izango du eta hurrengo egunean, 21:20ean, luzera jauzikoa. Lehen proban dominak eskuratzeko aukerak dituela aurreratu dute kirol elkarteko prestatzaileek. Pista estaliko jauzi hirukoitzeko txapeldunorde da Furundarena eta aire libreko denboraldian markak onenen zerrendan lehen postuetan izan da.