LOKE judok ere erakustaldiarekin amaitu du ikasturtea

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 21a

Igandetik asteartera aldatu badute ere jarduera, ohi bezala, saio berezi honekin bukatu dute aurtengoa. Ohi bezala, hainbat ariketa egin dituzte senide eta lagunen aurrean: beroketa, borroka teknikak eta giltzak, erorikoak, oin judoa... Gorka Aristegik aurkeztu du tatami erraldoian gauzatuko zutena eta ikasleek euren gaitasunaren neurrian burutu dute. Amaieran, Infantil mailako Euskadiko txapelketan dominak lortzeagatik Unai Curiel, Iraia Diez eta Anne Linazasoro saritu dituzte, baita Asier Sagasti ere Espainiako txapeldun izateagatik; eta sari berezia Ekain Luisi eman diote. Aintzatespen bereziena, hala ere, Aristegik jaso du, entrenatzaile lanetan daramatzan 40 urteengatik, Beñat Elizaldek diseinatutako garaikur bat.