Buruntzaldea IKTko gazteek domina, marka eta gutxieneko uzta handitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 21a

Txapelketetan parte hartu zuten gazteak lortutako dominekin. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko alebin eta infantil mailako gazteek bi txapelketa lehiatu zituzten lehengo asteburuan Tolosan: Adin arteko zein Infantil mailako Gipuzkoako txapelketak. Igeriketa taldeko kideak ederki jardun ziren eta guztira 29 domina eta marka pertsonak ugari eskuratu zituzten, baita infantil mailako Espainiako zein Euskal Herriko txapelketetarako gutxieneko markak ere. Iñaki Garcia, gainera, infantil mailako Gipuzkoako txapeldun izan zen

Buruntzaldea IKTko hamabost igerilari gaztek Adin arteko zein Infantil mailako Gipuzkoako txapelketari egin zioten aurre hilaren 15ean eta 16an Tolosako Udabal kiroldegian.

Alebin mailako kideek proba gutxi batzuetan parte hartu zuten arren, infantil mailako gaztetxoek banakako proba ugarietan zein erreleboetan egin zuten igeri. Ederki lehiatu ziren eta guztiek lortu zuten euren markak ondu edo horietatik gertu egotea.

Guztira 29 domina batu zituzten gazteek:

Urrea
Zilarra
Brontzea
  • Oihan Matute: 100 m. lau estilo
    (15 urtekoen artean eta infantil mailan)
  • Iñaki Garcia: 50 m. bular eta 50 m., 100 m. eta 200 m. libre
    (15 urtekoen artean eta infantil mailan)
  • Ibon Elola: 50 m. bizkar (15 urtekoen artean eta infantil mailan)
  • Gizonezko Infantil mailako  erreleboak:
    4x100 m. libre, 4x200 m. libre eta lau estiloetako 4x100 m.
  • Oihan Matute: 400 m. (15 urtekoen artean eta infantil mailan) eta 800 m. libre (15 urtekoen artean)
  • Ibon Elola: 200 m. bizkar (15 urtekoen artean)
  • Oihan Matute: 800 m. libre (infantil mailan)
  • Ibon Elola: 200 m. bizkar (infantil mailan) eta 50 m. libre (15 urtekoen artean eta infantil mailan)
  • Kimetz de la Cruz: 200 m. bizkar (15 urtekoen artean) eta 100 m. bizkar (15 urtekoen artean eta infantil mailan)
  • Amaiur Iparragirre:  400 m. lau estilo (15 urtekoen artean eta infantil mailan)
  • Aitor Ormazabal: 100 m. lau estilo (12 urtekoen artean)

Horretaz gain, infantilen proben puntuen batura eginez, Iñaki Garciak lehen postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean eta Gipuzkoako txapeldun berria da. Podiumetik gertu puntu gutxira geratu zen Oihan Matute. Mutilen taldea, gainera, bosgarren izan zen.

Gutxieneko markei dagokionez, Garcia berak Espainako txapelketarako txartel berria lortu zuen 50 m. bular proban; dagoeneko bederatzi probatan parte hartu ahalko du. Oihan Matutek, aldiz, 400 m. librekoa  egin zuen eta 4x100 m. libreko erreleboa segundu gutxira geratu zen.

Espainiakoaz gain, Euskal Herriko Udako txapelketako sailkapena lortu zuen Matutek 100 m. lau estilo proban eta Mario Amantegik 100 m. eta 200 m. bizkar probetan.

Hitzordua eta ate irekiak

Asteburu honetan, taldekide Itxaso Iparragirrek Euskal Herriko Alebin txapelketa lehiatuko du Tolosan.

Bestaldea, Buruntzaldea IKTk ate ireki jardunaldiak egingo ditu hurrengo astean Maialen Chourraut kiroldegian. Hilaren 24tik 27ra 17:15etik 18:00etara izango dira saioak eta 2018 urtean zein aurretik jaiotako haur, gazte edo helduei zuzendutako ekimena da. Igeriketa taldeko webgunean izena eman behar da  parte hartzeko.