Lasarte-Oriako hamabi ordezkari izan zituen maila absolutuko Euskadiko txapelketan; Ostadar SKTko hamar kideez gain, Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz eta Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi herritarrak ere izan ziren lehian.
Kanporaketa saioak eta finalak jokatu ostean, lehen zortziren artean sailkatu ziren horietako batzuk eta Ostadarreko Naroa Furundarenak zein Realeko Veroniz podiumera igo ziren.
Furundarena garaile izan zen jauzi hirukoitzeko proban. Hasieratik buru jarri zen 12,61 metroko jauziarekin eta laugarren saiakeran ia 13 metroetara iritsi zen; 12,99 jauziarekin urrea eskuratu zuen.
Veronizek, aldiz, ezin izan zuen bere taldekide Daniel San Juan gainditu 100 m. lasterketako finalean. Herritarra 11 segundoetatik jaitsi zen bai sailkapen proban, baita finalean ere eta 10,83 markarekin zilarrezko domina eraman zuen etxera.
Horiez gain, Ostadarreko Oinatz Almagro laugarren izan zen jauzi hirukoitzean (13,24 m.), taldekide Oihana Igarriz bosgarren disko jaurtiketan (34,64 m.), Aiala Ramos seigarren xabalina jaurtiketan (31,04 m) eta zazpigarren Eider Redondo altuera jauzian (1,55 m). Atletico San Sebastian taldeko kide Nerea Eugi ere zazpigarren izan zen 100 m. lasterketan (12.67). Horien artean nabarmentzekoa da Redondoren marka, oraindik infantila da eta.
Atsedenik ez
Hurrengo asteburuan ere batetik bestear ibiliko dira herriko atletak.
Ostadarreko Aiala Ramosek 18 urtez azpiko Espainiako Federazioen arteko txapelketan parte hartuko du Euskadiko selekzioarekin, Pontevedran (Galizia).
Durangon 16 urtez azpiko Euskadiko txapelketa izango da eta tald eurdin-beltzko Oinatz Almagrok Santanderren (Kantabria) egingo den porba librean parte hartuko du Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortzeko asmoz.