Udalbatzak dozena bat puntu zituen eztabaidatzeko eta gehienak nahiko azkar pasatu bazituzten ere, bi ordu iraun zituen saioak. Ohi bezala, akten onarpenarekin ekin zioten. Maiatzaren 9an eta 10an egindako bilerenak zituzten, baina haietako batean telematikoki bozkatu zuen zinegotzi baten botoa baliogabetzea eskatu zuen Elkarrekin Podemoseko Miguel Angel Tolosak, beharrezko baldintzak betetzen ez zirela zehaztuz. Idazkariak txostena egin beharko du onargarria den ala ez arrazoituz.
Hiru jakinarazpen egin zituen Agustin Valdivia alkateak jarraian: erabateko arduraldia izateari David Mateosen ukoa, falta zen Hipodromo Etorbideko azken etxearen besterentzea (242.957,01€) eta Nuria Fernandezek bere gain hartu duela Gizarte Zerbitzu, Berdintasun, Lankidetza eta Osasun Batzordearen lehendakaritza.
Euskararen plan estrategikoa, onartuta
Aho batez onartu zuten etxez-etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen zerga ordenantzaren epigrafe bat indargabetzea, auto-taxi bidezko garraio-zerbitzuen araubide bereziko eremu bat ezartzeko lankidetza hitzarmena, eta udalean euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa (2024-2027) eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak. Azken horren alde egin bazuen ere, PPko zinegotzi Manuel Palaciok bere "zalantzak" adierazi nahi izan zituen. Bere ustez, euskararen normalizazioa beharrezkoa dela esatea "gehiegizkoa" da, zenbait kasutan "gizarte elebidun baten eskubideak urratzen" ari dira, eta euskararen izenean, zenbait gehiegikeria nabari ditu. Normalizazioa "euskaraz hitz egin eta euskaraz artatua izateko" eskubide gisa ulertzen du, "baina ez modu baztertzailean" eta arlo publikoan euskararen eskakizunek ezarritako araudia "gainditzen" dutela, pertsona asko lan merkatu publikotik kanpo utziz. Euskara Zerbitzuko buru Jon Antxordokik aldeko botoa eskertu zion, baina esandakoa entzunda, erantzun zion plan estrategikoa horrekin ez doala eta, PPko zinegotzia batzordeetan izan ez zenez, bere zalantzak argitzeko zerbitzua zabalik duela. Palaciok plana irakurri duela baieztatu zion, ulertu duela, eta nahi duenean bere bulegoan azal diezaiokeela. Alkateak, ordea, batzordeak horretarako daudela zehaztu zuen.
Ur saneamendu sareari buruzko bi erabakiren alde ere egin zuten. Bata, altako eta beheko sarearen arteko mugatzea eta bakoitzaren ardura zehaztea, lehena, Añarbeko Uren Mankomunitateak hartuko du bere gain, eta bigarrena, udalak; eta bestea, saneamenduko hodi biltzaile orokorraren obren ustiapena. Aldeko hiru boza eta bi abstentziorekin aurrera atera zituzten. Gai horretan, EH Bilduko Estitxu Garmendiak uren kudeaketari dagokionean udal gobernuaren asmoa ezagutu nahi izan zuen, "une honetan kontadoreak irakurtzeko esleipena ere egin gabe", dagoela nabarmenduz. Alkateak onartu zuen horri "beti ekiteke" dabiltzala, baina, halaber, udalerriko eraikin askotan kontadore bakarra dagoenez, banakako irakurketa egin eta horren bidez bestelako neurriak hartu ahal izateko, lehenik, kontagailu aldaketa burutu behar dela zehaztu zuen.
Halaber, udalaren barne funtzionamenduari lotuta, aldatzea onartu zuten bai langileen lan baldintzen araudiko artikulu bat bai zenbait lanposturen eginkizunen fitxak eta zerrendak. Lehenak, 8 boto alde, 1 kontra, eta 6 abstentzio jaso zituen, bigarrenak, berriz, 8 boto alde eta 7 abstentzio.
Palestinaren aldeko bi mozio
Eztabaidako azken puntua EH Bildu udal taldeak aurkeztutako Palestinari buruzko mozioa izan zen. 6 boz alde, 8 kontra eta abstentzio batekin, bertan behera utzi zuten. PSE-EEk eta EAJk kontrako botoaren zergatika azaldu zituzten. EAJko bozeramaileak azaldu zuen "oinarrizko printzipio bat" falta zela uste zuela: "biolentzia eta terrorismo guztiak gaitzetsi behar direla"; PSE-EEko Nuria Fernandezen esanetan, "adostu eta eztabaidatu gabe" ekarri izanagatik. Hortaz, mozio alternatibo bat aurkeztu zuten. Horren 9 boto alde eta 6 abstentzio jaso zituen. Elkarrekin-Podemoseko zinegotziak "gogo gutxirekin" babestu zuela adierazi zuen "nahiz eta osoa eta asebetetzailea ez izan" eta mozio baten aurrean beste bat ekarri izana kritikatu zuen. PPko kideak, aldiz, ekarpena egiteko aukera izan ez zuelako abstentzioaren alde egin zuen.
Jarraian hasitako galde-eskeen atala emankorra izan zen, beste behin. Oposizioko talde guztiek hartu zuten hitza. "Eztabaida on bat egin aldera" PPko zinegotziak aktetan alkateak emandako erantzunak jasotzeko eskatu zuen, "alkateak erantzuten du" formula beharrean. Halaber, Udaltzaingoa eta Ertzaintzak azken protokoloa noiz sinatu zuten galdetu zion alkateari eta tirabiran hasi ziren. Honek aurreko legegintzaldian izan zela erantzun zion, baina Palaciosek zuzendu egin zuen iazko irailaren 28an izan zela esanez. Zer adierazi nahi zuen ez zekiela, horrek udaltzainek "okerrago" aritzea ekarri zuen galdetu zion, eta zinegotziak "hurrengo baterako" uztea nahiago izan zuen. Hori bai, maiatzaren 1an izandako sute bati lotuta aurreko osoko bilkuran egindako galdera errepikatu zion. Alkateak aztertuko duela esanez itxi zuen gaia.
Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, berriz, udalbatzetan aurreko bileratik ordura arte hartutako erabakien berri zergatik ematen ez duen galdegin zion alkateari, legeak sinatutako dekretuen berri ematera behartzen duela gogoraraziz. Horren harira sortutako eztabaidan ondorioztatu zen udalkideek ezin dituztela dekretuak nahi bezala kontsultatu eta hori konpontzeko konpromisoa hartu zuen alkateak. Horrez gain, gobernu batzordeen deialdia ez jasotzeko zergatiak ere jakin nahi izan zituen Tolosak. Udal gobernuaren buruak hori bere ardura ez dela adierazi ondoren, eginbehar hori "betetzen dela ikuskatu beharko" lukeela ihardetsi zion zinegotziak. "Ezin dut udaletxean gertatzen denaren %100 gainbegiratu", baieztatu ondoren, "ez bada egin, egin dadila" gehitu zuen Valdiviak. Tirabirak jarraitu zuen eta Tolosak ohartarazpen bat egin zion: "udalbatzaren lehendakari eta alkate moduan jakin beharko zenuke erantzukizuna duzula gauzek funtzionatzen ez dutenean".
Festetako protokoloa
Azkenik, EH Bilduko kideek ere zenbait galdera egin zizkioten. Estitxu Garmendiak udalak egin beharreko zenbait ordainketa zergatik ez dituen gauzatu jakin nahi izan zuen. Diruzaina bajan dagoenez, legez, ezin direla ordaindu zehaztu zuen alkateak, baita hilabetez pertsona batek ordezkatu badu ere, kategoria berekoa ez denez, ezin duela jarraitu ere. Hortaz, Tolosako diruzainak bere gain hartuko du ardura hori eta "iritsi ahala" ordainketak egingo dituela. Garmendiak “arazoa oso larria” dela berretsi, eta eskatu zuen lanpostua betetzean lehentasunez zaurgarri diren familiei arreta ematea.
Uxue Loinazek, berriz, udal eraikinen garbitzaileei buruz galdetu zuen. Alkateak argitu zuen, hilabeteroko ordainketa egin bazuten ere Ogasunak enbargatu duela, beraz, enpresak ezin izan diela langileei ordaindu. Hortaz, beste enpresa bati kontratuaren lagapena egin diote, ostiralean sinatzekoa ziren subrogazioa, eta bere gain hartuko du ordainketa.
Hori erantzunda, Berdintasun teknikariaren ordezkapenaz eta iaz onartutako festetarako erasoen kontrako protokoloaz zenbait itaun luzatu zizkion udal gobernuari. Fernandezek azaldu zuen ordezkoa bilatzen ari direla kontratazio protokoloa jarraituta eta ezin dutela noiz hasiko den aurreikusi. Protokoloari dagokionez, iazkoa hobetu asmoz, udalak enpresa bati egokitu zion lana, baina lehen zirriborroaren ezarritako telefono bidezko akonpainamendu zerbitzua, "teknikoki ez zuten ikusten eta politikoki ez dut egoki ikusten”, zehaztu zuen Fernandezek. Enpresari ez zegoen ados, eta gerora ez dute beraiekin harremanetan jartzerik lortu, pasa den astea arte. Hori horrela, berdintasun teknikaririk gabe, iazko protokoloa aurrera eramateko ardura nork hartuko duen galdegin zuen Loinazek. Berdintasun teknikaririk ez badago ere, departamentu burua, zinegotzia, Berdintasun Kontseiluko ordezkaria eta udaltzaingoak osatuko dute koordinazio taldea. Azalpenen ondoren, alkateak hitzartutakoa bete ezean, kontratua desegiteko eskatu zion idazkariari.
Alokairu sozialeko etxebizitzak
Oihan Agirretxek, aldiz, Zabaletako Antonio Blas plaza udal jabetzako izateko prozesua eta auzo berean alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak izan zituen hizpide. Lehenari dagokionean, ondasun teknikariaren txostenaren zain daude; bigarrenari dagokionean, berriz, Eusko Jaurlaritzako eta udaleko zerbitzuen arteko ezadostasunak gainditu dituztela argitu zuen alkateak. Horiez gain, Kiroletako batzordea urte erdian bildu ez izanaren zergatik ere jakin nahi izan zuen Agirretxek, baita Atsobakarreko eraikineko atezaintzari buruz berririk baden ere. Antxordokik argitu zion langile berriak hala eskatuta ez dela bilerarik egin, baina laster ezohiko bat deituko dutela. Atezaintzari dagokionez, aldiz, lizitazio azkar bat egiteko asmoa dute eta “langileek badakite” hori dela nahia.
Azken galdera Sandra Barkaiztegik egin zuen. Lasarte-Oriako Osasun Publikoaren aldeko plataformak sartutako mozioaren harira, Osakidetzako anbulatorioko arduradunekin izandako bileraren berri emateko eskatu zion alkateari. Honek oporren aurreko komisioan edo udalbatzan emango duela erantzun zion.