Ostadarreko Olaia Laboa eta Odalys Caceres, Hondartzako boleiboleko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 18a

Olaia Laboa-Odalys Caceres eta Ruben Mendoza-Alex Acuriola, lortutako sariekin. Arg.: Ostadar Boleibola

Hondartzako Boleiboleko denboraldia hasi zen maiatza amaieran, maila ezberdinetako Gipuzkoako txapelketak jokatu dira asteburu ezberdinetan. Hilaren 8an, absolutu mailako lehiaketa izan zen Donostiako Zurriolako hondartzan eta Ostadarreko bi bikote izan ziren finaletan: Olaia Laboa-Odalys Caceres eta Ruben Mendoza-Alex Acuriola. Laboa eta Caceres bikoak iaz junior mailan eskuratutako garaikurra altxa zuten

Eguraldiari aurre eginez, Hondartzako boleiboleko Gipuzkoako txapelketako neurketez gozatu ahal izan zuten zaletuek hilaren 8an. Haizearekin eta euripean jokatu behar izan zituzten partidetako batzuk; horrela izan zen, behintzat, Ostadarreko Olaia Laboa eta Odalys Caceres bikoak Bera Beraren aurka lehiatutakoan. 

Urdin-beltzek lasai egin zuten aurrera kanporaketetan eta finalean aurkari gogorra aurkitu zuten, Bera Bera. Finala borrokatua izan zen, baina Laboa eta Caceserek, iaz 19 urtez azpiko lehiaren antzera, Gipuzkoako txapela eskuratzea lortu zuten.

Mutilen finalean ere Ostadarrek ordezkariak izan zituen, Ruben Mendoza eta Asier Acuriola. Toloboleiko bikoaren aurka egin zuten urdin-beltzek eta ezin izan zuten garaikurra jaso.