Kontxako badia ongi ezagutzen duela argi utzi zuen Donostia Arraun Lagunak taldeak Espainiako txapelketako bi jardunaldietan; itsasoaren egoera dena delakoa dela ere aurrera nola egin ederki daki Lugañeneko eskifaiak.
Larunbatean, sailkapenean bigarren kalean egin zuen lehia Aiora Belartieta eta Nahia Goenagaren ontziak. Lehen kalean Donostiarra Kaiarriba izan zen eta Donostiako bi ontzien arteko lehia bizia ikusi ahal izan zen azken bi luzeetara arte. Pixkanaka aldea irekitzea lortu zuen Lugañenek eta txanda irabaziz finalerako bidea egin zuen. Donostiarrak ere lortu zuen txartela eta biak bigarren txandako Orio eta Astillerorekin batera finala jokatu zuten igandean.
Kontxako badiako urak nahasiak zeuden igandean; ez aurreko astean Euskadiko txapelketaren adina. Baina oraingoan ere olatuei aurre egin behar izan zizkieten ontziek. Donosti Arraun Lagunak buru jarri zen hasieratik eta lehen ziaboga egin ostean, lan ederra egin zuen Lugañeneko eskifaiak jarraitzaileak atzean uzteko. Ongi atera zen estrategia eta helmugan 27 segundoko aldea atera zion bigarren ontziari, Oriori. Hirugarren Donostiarra Kaiarriba izan zen, 59 segundora.
Hemendik bi astetara Euskotren Liga hasiko da A Coruñan (Galizia) eta titulua mantentzeko gogor borrokatuko dela argi utzi du Lugañenek azken hitzorduetan.