Ikasturteko azken saioa komentuan egin du Xumela koruak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 17a

Irailetik ekainera arte makina bat astelehenetan entseatu dute Xumela koruko kideek. Gaurkoa izan da ikasturteko azken saioa, berezia, Oriarte Landaberrin elkartu beharrean Ama Brigitarren komentura joan direlako bertako mojekin abestera. Ondoren, Abend jatetxean egin dute afari-merienda.

"Futbol talde bat izango bagina bezala jarri nahi diagu, baina 50 pertsona inguru gaituk", esan dio Xumelako kide Antton Garinek TXINTXARRI-ko kazetariari. Dozenaka pertsona izanagatik, dotore-dotore jarri dira denak kameraren aurrean, Joxe Mari Agirretxek den-denak txukun kokatu ostean, eta, nola ez, argazkilariari begiratu bitartean kantatu egin dute. 

Euskara, musika eta ahotsak dira Xumelakoek ederki pasatzeko erabiltzen dituzten tresnak. Astelehenetan entseatzen dute eta gaurkoa izan da aurtengo kurtsoko azken saioa. Ez edonolakoa, Oriarte Landaberrira joan ordez Ama Brigitarren komentura bertaratu direlako, zain zituzten mojekin batera kantatzeko: Zin bum bum, Ameriketara joan nintzan, Behin betiko eta Txoria txori izan dira interpretatu dituzten piezetako batzuk. Kantu saioa bukatutakoan Abend jatetxera joan dira afari-merienda egitera. 

Hurrengo jarduerak

Entseguak amaitu badituzte ere Xumelakoek ez dituzte oporrak hartuko oraindik, hilabete honetan bertan bi hitzordu garrantzitsu izango baitituzte: 27an Sorgin Jaietako txupinazoa botako dute Okendo plazan, 20:00etan; bi egun geroago Sagardotegi kaletik abiatuta urteroko kantu eta dantza jira egingo dute, 11:00etatik aurrera. Amaitzean, Oriarte Landaberri institutu parera joan eta Sorgin Jaiak-en Bizipozaren Akelarrean parte hartuko dute.