Vasconiak irabazi du VII. Jose Martija Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 15a, 21:49

Hamabi futbol taldeetako alebinek Jose Martija VII. Futbol Txapelketa jokatu dute larunbatean zehar Michelin Kirol Gunean. Vasconia gailendu da, finalean Realari irabazita. Ostadar SKTk, berriz, UEFAko finala Real Unionen kontra galdu du. Mikel Etxarri omendu dute txapelketa hasi aurretik. 

Goizetik arratsaldera baloiarekin jokoan aritu dira, alebinen lehen mailako hamabi talde. Jose Matijaren omenezko txapelketan lehiatu dira, harengandik ikasi zutenek eta senideek zazpigarrenez antolatu dutena, eta aurrekoetan bezala, askoren interesa piztu du.

Lehen bi partidak hasi aurretik, Mikel Etxarri herritarra omendu dute. Tabernaren ondoan eserita zain zeramatzan zenbait minutu unea iritsi dela esan diotenean. Bitan banatutako zelaian ariko ziren lehen lau taldeetako jokalariek eta epaileek txalo artean agurtu dute zelaira sartu eta Martijaren alargun Nieves Lopezengana joan denean. Txapela jantzio dio Lopezek eta argazkiak ateratzeko jarri ondoren, irten egin dira. Inguruan zeuden zenbait lagun gerturatu zaizkio Etxarriri, agurtzeko.

Txapelketaren lehen zatian, Ostadar SKT, Texas Lasartearra CF, Racing Santander, SD Eibar, Real Sociedad, Martutene KE, Añorga KKE, CD Vasconia, Irungo Real Union, Villabona FKE eta Antiguoko KE hiru multzotan banatuta jokatu dute. Ligaxka bukatuta, talde bakoitzeko lehen biak eta bi hirugarren onenak Champions League delakora sailkatu dira, hirugarren txarrena eta laugarrenak, aldiz, UEFA delakora. Horiei bazkalondoren ekin diete. Kontsolamendu taldeko finalean Real Union gailendu zaio Ostadarri. Final nagusian, berriz, Vasconiak irabazi dio Real Sociedadi.

Atzerapen pixka bat pilatzen joan dira arratsaldean zehar eta sari banaketa aurreikusitakoa baino ordu erdi geroago burutu dute. Zelaiaren albo batean jarritako oholtzan beren saria jaso dute taldeek, epaileei aitortza egin ondoren. Igo aurretik, Los chavales de Martija elkarteko bi kidek jokalari guztiei domina bana jarri diete lepotik zintzilik. Talde bakoitzari zegokion kopa banatzeko ardura, berriz, aldatzen joan da batetik bestera. Hamabi sarietako lehena Udaleko Kirol Zerbitzuko buru Goizalde Pildainek eman du, sari nagusia, Agustin Valdivia alkateak, eta tarteko gainerakoak elkarteko kideren batek edota  Ventanas Alcar eta Iñaki tabernako arduradunek.