Agurra dantzatuta esan zieten "arratsalde on" Erketz EDT taldeko dantzariek Okendo lepo bete zuten herritarrei. Gipuzkoako hiru dantzarekin ireki zuten ikasturte amaierako emanaldia; aipatutakoaz gain, Loriak Udan eta Punta Motz plazaratu zituzten. Ondoren, Arantzako eta Baztango mutil dantzak, Otxagabiako dantzak, La Balsa de Torralba del Rio eta Lapurdiko zenbait dantza egin zituzten: Mazurka, Mutxikoak, Borobil dantza eta Schottish.
Ikuskizunaren lehen zatia izan zen hori. Dantzariek atseden hartu bitartean, Erketzeko musikariek Huntza taldearen zenbait abestirekin osatutako pot-pourri bat jo zuten. Amaitzean dantzariak itzuli ziren plazara eta Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko erromeriak dantzatu zituzten. Amaitzeko, Lapurdiko beste zenbait koreografiaz gozatu zuten ikusleek: Martxa, Sinple, Marmuts, Zapatain dantza, Makil txiki, Kontradantzak eta Dantza luze.
Okendora bertaratutakoek txalo zaparrada ozen eta luze batekin saritu zuten Erketzeko dantzarien nahiz musikarien lana. Eguna ongi bukatzeko, Arrieskalleta elkartean afaldu zuten.