Motor burrunbaz, gasolina usainez eta kez beteriko asteburua

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 15a

Hamargarrenez, Scooter Club Euskadi elkarteak Vespa eta Lambretta etxeetako motorren rallya aurrera eramaten ari da ostiraletik igandera bitartean. Festa giroa eta ibilaldiak dira nagusi. 

Ekaina erdialdean izan ohi da herriko motorzaleen hitzordu bereziena. Dozenaka Vespa eta Lambretta etxeko motor kaleetan barrena ikusteko aukera izaten dute Scooter Club Euskadik antolatutako rallyari esker. Parte hartzen dutenek ere ondo pasako duten zalantzarik ez dago, egitaraua horretarako beharrezko guztiarekin atontzen baitute. 

Ostiralean heldu ziren lehenak, eta Santxo tabernan egin zieten harrera. Pintxo afariarekin indarrak berritu, eta motor gainera bueltatu ziren, gau ibilaldia egiteko. Ez ziren gehiegi luzatu, izan ere, Buenetxea tabernan Pepis PD eta Fernando Ankor DJek girotutako festa zain baitzuten. 

Larunbat goizean scooter zaleek gertutik ikusi ahal izan dituzte hauetako asko. Partaideak 10:00etatik aurrera iristen joan dira Okendo plazara eta antolatzaileek jarritako salmenta mahaien aurrean kokatu dituzte motorrak, ilarak osatuta. Plazaren bestea aldean, berriz, bost auto klasiko jarri dituzte ikusgai; eta bai kanpotik bai barrutik nolakoak diren gertutik aztertzeko aukera izan dute bertaratutakoek. 

Ohiko gidoiari jarraituz, Tiburtzio Artizar tabernan sagardo eta pintxoekin hamaiketakoa egiteko aukera izan dute rallyko partaideek. "Txotx" esan beharrik gabe, upeletik ateratako edariarekin bete du basoa eta alboko mahaian zeuden pintxoen artean aukeratu ahal izan dute mokadua. Aurreikusitakoa baino denbora gehixeago izan dute plaza inguruan egoteko,  ezarritakoa baino ordu erdi geroago ekin baitiote Scooter Run ibilbideari. Horrek, beraz, zaletuei motor artean ibili, argazkiak egin, jabeekin hitz egin eta halakoetan aritzeko tartea ere luzatu die. 

Unea heldu denean, antolatzaileek abisua eman, eta gidariak beren motorretara igotzen ari hasi dira. Kaskoa, eskularruak eta gainerakoak jantzi, eta udaletxeko arkupeak igarota Askatasuna parkerantz irten dira, burrunbaz, ke lainoz eta gasolina usanez betez gunea. Inguruan zeuden herritar askok adi jarraitu dute 70 kilometroko ibilbidearen irteera. Hori osatzean, Hernaniko Jauregi jatetxean bazkalduko dute, eta herrira bueltan, Andapa kalean motorrak ikusgai jarriko dituzte berriro. Gauean, berriz, Hiru Aldetan pintxoak afaldu eta Buenetxean musikaz gozatuko dute: Las Furias eta Garbayo taldeen kontzertuak, eta Rudy Garcia zein Lady Slices DJen saioak.

Igandea izango da rallyko azken eguna. Hamaiketakoaren ondoren, Oriatik abiatuko dute ibilaldia. Amaitzean, bermutaren txanda izango da Arkupe tabernan, eta bertan, egindako pintxo bazkariarekin bukatutzat emango dute aurtengo topaketa.

Erlazionatuak