Herriko triatletak bikain ari dira lehian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 13a

Ibai Izagirre, Maider Lizarraga eta Aimar Sukunza, Hondarribiko proban. Arg.: Zumeatarra KE.

Herriko duatloi eta triatloi zaletuak Zarautz, Getaria, Murgia (Araba), Zizurkil, Hondarribia edo Gasteiz aldean lehiatu dira. Lasarte-Oriako ordezkariren batek probaren bat utzi behar izan badu ere, gainerakoek ederki egin dute lan apirila, maiatza eta ekainean jokatu diren sprint edo distantzia erdiko lehiaketetan eta Zumeatarra taldeko kideak euren mailako podiumean izan dira

Hilaren 8an, Zarautzeko Triatloia lehiatu zen. Eguraldi kaxkarrari aurre eginez, Ibai Izagirre (04.52.02) eta Maider Lizarraga (5.47.01) herritarrek parte hartu zuten; Izagirrek 23 urtez azpiko hirugarren postua eskuratu zuen. 

Hondarribiko Sprint Triatloiean, maiatzaren 11n, Lizarragak (01.34.15) eta taldekide Aimar Sukunzak (01.09.38) bigarren postuan sailkatu ziren, beterano 1 mailan eta 23 urtez azpikoan, hurrenez hurren. Ibai eta Urko Izagirre ere bertan izan ziren lehian.

Eta astebete geroago, Getariako Triatloian ere 23 urtez azpiko hirugarren amaitu zuen Sukunzak. Trinkoko Haitz Mitxelena eta Pablo Muñoz kideek ere amaitu zuten proba.