Sakelako telefonoek, pantailek eta sare sozialen erabilerak nerabeengan duten eragina izan du hizketagai ongizate digitalean aditua den Telmo Lazkanok. Gailu horiek sortzen duten adikzio eta menpekotasunak kezkatutako Lasarte-Oriako gazteen hainbat gurasoak bertaratu dira solasaldira.
Sare sozialen negozioa zertan den kontatuz hasi du hitzaldia Lazkanok, eta mesfidantza eta fidatzearen arteko alderaketa bat egin du. Hori azaltzeko honako adibidea jarri du: "Ordainpeko edozein produktu erostera joaten garenean mesfidantza sortzen zaigu normalean. Gure buruari galdetzen diogu ea kalitate onekoak diren, prezioarekin bat datorren edota jatorri etikoa duen. Ziurtasun falta hori sortzen zaigu, batik bat produktu hori ordaindu egin behar dugulako". Zer gertatzen da,ordea, produktua musu truk eskaintzen zaigunean? Galdera hori plazaratu eta sare sozialak adibidetzat hartuta jarraitu du azalpenarekin; azpimarratu du mesfidantza desagertu egiten dela. Horri lotuta, gaineratu du gisa horretako produktuekin mesfidantza mantendu egin beharko litzatekeela. Horren gainean hausnarketa bideratzeko pare bat galdera aireratu ditu gero, hauek: Sortzen eta mantentzen hain garestiak diren aplikazioak zergatik eskaintzen zaizkigu, uneoro, gutako orori dohainik? Nola liteke zerbait urririk eskainita, enpresa horiek aberatsenen artean egotea? Marketin munduan oso ezaguna den esapide bati egin dio erreferentzia ondoren: " Produktua ordaintzen ez duzun unetik, zu bihurtzen zara produktu".
"Atentzioaren ekonomia"
Gaiarekin aurrera egiteko Atentzioaren ekonomiaz mintzatu da. Horrek azaltzen du pantailaren aurrean zenbait eta denbora gehiago igaro, enpresa horiek are eta informazio gehiago eskuratzen dutela, eta bildu dituzten datu horiei esker, erabiltzaileekiko eragin ahalmen handiagoa dutela: "Enpresa horientzako pantailetatik kanpo igarotzen dugun segundo bakoitza galera da". Gauzak horrela, gaineratu du zerbait finituarekiko (erabiltzaileen atentzioa) lehiakortasun sutsu batean murgilduta daudela, hau da, nork eskuratuko atentzio gehien.
Horrek guztiak nerabeengan, eta batez ere horien autoestimuan nola eragin dezakeen ere azaldu du, eta, esan, gazteak pantailen aurrean mantentzeko euren emozio desatseginez ahazteko nahiaz, euren fisikoa aldatzeko desiraz, maitatu eta maitatuak izateko beharrizanaz, eta onarpen sozialaren bilaketaren beharraz baliatzen direla, eta horren guztiaren biktima nagusia gazte horien autoestimua dela azpimarratu du: "Alde batetik, nire benetako bia, eta sareetan erakutsi behar dudan niaren artean sortzen den amildegia; ez naizena, baina izan behar dudana onartua izateko. Nerabezaroan auzi horri aurre egitea latzagoa bihurtzen du". Onarpen sozialari lotuta eta sare sozialei erreferentzia eginez, aipatu du jarraitzaile, atsegite, elkarbanatze eta iruzkin kopuruetan neurtzen dutela.
Sare sozialen "limurtze teknikak"
Erabiltzaileak pantailen aurrean mantentzeko orain arte existitu ez diren teknika teknologiko eta psikologikoak zeintzuk diren argitu du solasaldiaren bigarrena atalean, eta honako hauek aipatu: koloreen erabilera, Timing-a, jakinarazpenak, Scroll amaigabea, logika algoritmikoa eta konduktismoa.
Neurologiaren arloaz ere aritu da, bertaratu diren ikus-entzuleei ulertarazteko zer gertatzen ari den nerabe baten buruan, gero pertsona horrek dituen kanpo ekintzak entenditzeko.
Saioa amaitu aurretik, sare sozialen eztanda gertatuz geroztik horrek izan dituen ondorioak ezagutarazi ditu, datuen bitartez. Asko azaleratu ditu, besteak beste, Euskadin nerabeen herenak sare sozialekiko adikzioa duela. Agurtu aurretik aretoan bildutakoei esan die "balantza orekatzeko unea" dela. Horrekin batera, azpimarratu du pantailen eta aplikazioen kontsumo goiztiar eta desegokiari irtenbide eman behar zaiola, eta, horretarako ezinbestekoa dela gailu horien erabilera adina atzeratu eta gaian formatzea.