Lasarte-Oriako atletek, bost domina Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 15:30

Oinatz Almagro (ezkerreko irudian, lehena ezkerretik) eta Mari Carmen Olaso (eskuineko irudian, lehena eskuinetik), podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa/ M.C. Olaso.

Lasarte-Oriako atletek maila ederra erakutsi dute hilaren 8an eta 9an lehiatu den absolutu mailako Gipuzkoako txapelketan. Eguraldia lagun izan ez arren, hainbat izan ziren finaletan parte hartu zuten herritarrak eta bostek – Mari Carmen Olaso, Atletico San Sebastianeko Nerea Eugi eta Ostadar SKTko Oihana Igarriz, Oinatz Almagro eta Naroa Furundarena– podiumera igotzea lortu zuten, baita 18 urtez azpiko Espainiako txapelketarako gutxieneko bat ere

Igarriz disko jaurtiketako Gipuzkoako txapeldun berria da, 33,50 metroko markarekin. Furundarenak ere urrezko domina jantzi zuen jauzi hirukoitzeko proban 12,86 metroko jauziarekin.

Proba horretan bertan, Oinatz Almagrok bigarren postua eskuratu zuen; 13,71 metrora iritsi zen gaztea. Talde urdin-beltzeko kidea Malagan jokatuko den 18 urtez azpiko lehiarako txartela eskuratu zuen eta absolutu mailako Espainiako txapelketako gutxienekotik zazpi zentimetrora geratu zen.

Olaso eta Eugi herritarrek, aldiz, brontzezko domina jantzi zuten. Olaso 3.000 m. martxa proban lehiatu zen (23.19,07) eta Eugi, aldiz, 200 m. lasterketan.

Gainera, hilaren 15ean eta 16an, egoera onean daudela baieztatzeko hitzordu berria izango dute herriko atletek; Euskadiko txapelketari egingo diote aurre, Durangon.