LOKEko gimnastak ederki lehiatu dira Open Torneoan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 13:00

Open torneoan parte hartu zuten LOKEko gimnastak eta entrenatzaileak. Arg.: LOKE Gimnastika.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek ederki eman diote amaiera txapelketa denboraldiari. Open Torneoa lehiatu dute herriko elkarteko jubenil eta kadete mailako gimnastek, Gasteizen (Araba). Guztiak lehen hamarren artean sailkatu ziren eta lau gimnastek domina jantzi zuten

Maila handiko torneoan bakarka egin zuten lan herriko ordezkariek tresna ezberdinekin: jubenilak xingola edo pilotarekin eta kadeteak uztaiarekin. Herriko taldeko kide guztiak ederki jardun ziren eta lau kide gainera podiumera igo ziren. Xingola lana eginez Erika Tejero bigarren izan zen eta Mirian Prieto hirugarren. Saioa Boyero pilotarekin hirugarren izan zen eta Maitane Sarmientok ere postu bera lortu zuen pilotako saioan.

Baina lehiaketa horrekin ez diote ikasturteari agur esan oraindik gimnastek. Hilaren 15ean, LOKEko gimnastika saileko kide guztiak batuko dira, 16:00etan, Maialen Chourraut kiroldegian eta denboraldi amaierako erakustaldia eskainiko dute.