Itsaso zakarrarekin borrokan ibili ziren hilaren 9an Donostiako badian Euskadiko txapelketan lehiatu ziren ontziak. Erlojupeko proba izan zen eta emakumezkoen txandan Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak kide dituen Donostia Arraun Laguna nagusi izan zen.
Lugañenez gain, Orio, Donostiarra, Kaiku, Zumaia, Tolosaldea, Ondarroa eta Deusto Bilbao izan ziren lehian.
Donostiarrak azkenak izan ziren irteera puntuan eta olatu handiei aurre eginez, estropada zeharreko ezbeharrei konponbidea bilatzeko ohituak daudela erakutsi zuten; bi arrauna puskatu zitzaizkien. Hala ere, Lugañene azkarrena izan zen ziabogan eta helmugan, 8.28 eta 14.25,49, hurrenez hurren.
18 segundo gehiago egin zituen Orio Orialkik (14.43,66) baina Ondarroa zein Tolosaldearen antzera hamar segundoko zigorra jaso zuten, behar baino aurrerago hasteagatik; itsasoak ez zuen ontziak geldi egotea ahalbidetzen. Ondorioz, azken denbora 14.53,66koa izan zen. Eta minutu bat baino gehiagoko aldearekin Donostiarra izan zen hirugarren (15.26,39).
Hondarribiak, Lekeition
Egun bat lehenago, trainerek Lekeition (Bizkaia) izan zuten hitzordua, Lekeitioko ikurriña.
Emakumezkoen txandan lehia estua izan zen Intza Fernandez herritarraren Hondarribia Bertako igogailuak eta Zumaiaren artean. Azken metroetan ahalegin handia egin zuen Ama Guadalupekoak eta lehen izan zen helmugan (11.17), ikurriña bereganatuz; 53 ehunekotara iritsi ziren zumaiarrak.