Emakume Sortzaileen I. Jardunaldia egingo dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 11a, 10:03

Herriko bost emakume sortzaile elkartuko ditu Ihitten elkarteak gaur, Antonio Mercero aretoan, 18:30ean, beren bizipenak konta ditzaten. Gonbidatuak hauek izango dira: Aintzane Usandizaga idazlea, Bea Egizabal aktorea, Nora Izagirre musikari eta diseinatzailea, Ainhoa Negueruela arkitektoa eta Karmele Salsamendi diseinatzailea.

"Alor desberdinetatik badatoz ere eta ibilbide desberdinak izan arren, partekatzen dituzte zenbait gauza: hasteko, emakume izatea eta bizi proiektuan sorkuntza lehenetsi izana", nabarmendu dute Ihitteneko kideek. Solasaldi ireki gisa planteatuko dute saioa eta aipatu bost emakumeen bizipenak jasoko dituzte, egiten duten lanaren berri izan, euren beharrak eta gabeziak ezagutu, eta abar. "Emakume izateak ere zeharkatzen du sorkuntza prozesua. Subjektu aktibo gisa aitortuko ditugu. Saretzearen beharra aztertuko dugu gonbidatuekin, taldearen indarra eta norbanakoarentzat suposatzen duen eupada".

Sortzailea, "orekari baten gisan"

Sortzaileen egoeraren diagnosia egingo dute jardunaldian, behar espezifikoak izendatu eta zeregin horretan dihardutenei zeregina errazteko, "era duinean" sortzen jarraitu ahal izateko baliabideak ematearekin batera. "Orekari baten gisan, sortzailea hari mehe batean dabil amiltzeko zorian, ez baita erraza herri honetan arteaz bizitzea", adierazi dute. "Baldintza prekario eta lan eskerga, edonork etsi eta amore eman dezake eta sorkuntza alde batera utzita lanbidez aldatu". 

Sortzea gauza "intangiblea" izanik, antolatzaileek uste dute gizartea askotan ez dela konturatzen zenbat lan dagoen atzean. "Sortzearen prozesu luzeari ez zaio balore handirik ematen eta azken produktua izaten da kontuan, eta hori, azken emaitza bat lortzen denean". 

Ihitten elkarteko lagunek herritarrak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera. Horrekin batera, gogorarazi dute ikus-entzunezko arloan lan egiten duten herriko emakumeak saretu eta dituzten gabeziak partekatu ostean horiek gainditzeko nahiak batu zituela kideak. Gaur-gaurkoz horretan dihardute.