Zergatik 'Gracias' izenburua?
Bizitzari eskertua nagoelako. Mirari asko gertatu zaizkit, muturreko egoeretan egon, eta Jainkoari laguntza eskatuta, pertsonak edo egoerak agertu zaizkit. Bizitza zoragarria dela uste dut, dudan guztiarengatik eskerrak ematen ditut; baita gauza ez hain onengatik ere, haietatik irakaspenak atera ditudalako.
Zein da liburuaren mezua?
Bizitza polita dela azaldu nahi nion jendeari. Telebistan, adibidez, gauza asko daude, baina ez dute bizitzaren irudi polita erakusten. Hori gure baitan dago. Daukaguna, inguruan dauzkagun pertsona onak eta beste eskertzea oso garrantzitsua da. Hori eginez gero, gauza zoragarriak gertatuko zaizkigu. Esker oneko izateak duguna balioan jartzen laguntzen digu, falta dugunean pentsatu beharrean. Hori da eman nahi nuen mezua, beste batzuek ere zabaldu dutena, baina bizi dezatela, praktikan ere jar dezatela. Eskertzen dugunean gauzak aldatzen dira, bizitzak erakutsi dit.
Irakurlea baldintza gabeko maitasuna bizitzera gonbidatzen dut. Nork bere buruarekiko maitasuna da, barnean dugun izaki jainkotiarrarekin edo maisuarekin –bakoitzak nahi bezala deituko dio– topo egitera.
Filosofia horrekin batera, besteak beste, reikiari eskainitako atalak ere badaude. Zergatik?
Reikia niretzat zoragarria izan da, hazten lagundu dit eta osasunerako onuragarria izan zait ere. Zenbat eta barne bake gehiago izan, zure osasuna ere hobetzen da. Energiak berak erlaxatzen laguntzen dizu, kanpora ateratzen kezkatzen zaituen hori, eta ulertzen. Dena ulermenetik egin behar da. Gauzak ulertzen dituzunean zure gaineko boterea kentzen diezu. Teknika hauen bidez hori ikasten duzu, maitasuna, bakea, enpatia... Reikia barne eta gizarte garapenerako tresna da.
Nola sortu zen liburuaren aukera?
Proiektu bat duzunean, lehenik, bihotzean sortzen da. Tarotaren antza du. Bastoiak, zerbait egiteko nahia eta pasioa dira. Ondoren, kopak datoz, sentimenduak; proiektuaz maitemintzen hasten zara. Haurra nintzenetik nuen idazteko nahia. Gero, ezpatak, adimena; estrategiarekin hastea. Zerbait nahi baduzu, maitasuna ematen badiozu, eta estrategia bat prestatzen hasten bazara, dena sortzen hasiko da. Azkenik, urreak; alde praktikoa. Idazten hasi nintzen, zuzenduko zuen norbait topatu nuen, erregistratzeko modua... Argitaletxea ere agertu zen.
Nola izan zen hori?
Dena prest nuen eta ez nekien zein argitaletxetara jo. Lourdesera joatea gustuko dut, meditatu eta erlaxatzeko leku ona baita. Aspalditik elkar ikusten ez genuen irakasle batekin topo egin nuen han, eta berak liburu bat idatzi zuela esan zidan. Hizketan aritu ginen eta bere liburua argitaratu zuen Universo de letras-era jo nuen, hasiberrientzat da.