Lizar Begoñarekin solastu dira Irakurle Txokoko eta Transmaribibollo kolektiboko kideak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 21:22

Lasarte-Oriako Transmaribibollo kolektiboak Irakurle Txokoarekin elkarlanean antolatuta, solasaldi literarioa egin dute ostiral arratsaldean Antonio Mercero aretoan. Dozena bat lagun elkartu dira Lizar Begoña idazlearekin "Mundu zitalaren kontra" lanaren gainean aritzeko. 

Esertzeko aulkirik ez zen aretoan eta horri irtenbidea topatzeak atzeratu egin du pixka bat solasaldiaren hasiera. Mahai bazuten, eta bertan utzi dituzte askarirako ekarritakoak. 

Dena prest zutenean, Igartza saria jaso zuen lana eta egilea bera aurkeztu ditu Aintzane Usandizaga gidariak. Bi pertsonaien ikuspuntutik kontatutako istorioa da, zatikatua. Ondoren, lehen itzuli bat egin dute irakurketak iradoki edo liburuaren gainean nahi zutena esateko. Zatikatu izateak kontatzen dela ulertzeko zailtasuna eragin diola aitortu du irakurleetako batek. Egileak zergatiaren berri eman dio: "Bi belaunaldien arteko arrakala erakusteko" interesak eraman zuen Begoña bi lekukotasunak paraleloan eta etengabe tartekatzen joatera, bien arteko kontrastea erakusteko. Erronka bien ahotsak eta ahozkotasunak, bakoitzak bere ahots propioa edukitzea izan da.

Aipatzen joan direnari erantzun edo azalpen bat ematen ahalegindu da Begoña, edo hari horiei tiraka obrari edo sorkuntza prozesuari buruzko zertzeladak ematen. 

Solasaldia ekainerako antolatu dituzten hiru ekimenetako lehena izan da. Hurrengo jarduerak hauek dira: 

Hilak 14, ostirala

  • 19:00etan, Ttakunenea elkartetik abiatuta, bertsopoteo transfeminista egingo dute, elkartez elkarte.

Hilak 28, ostirala

  • 20:00etan, Okendo plazan hasita, LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasunaren eguna aldarrikatzeko manifestazioa aurrera eramango dute.