Dantzarekin amaitu du Kukukak aurtengo erakustaldia

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 8a, 20:34

Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak larunbat arratsaldean amaitu du astean zehar aurrera eramandako 22. Antzerki eta Dantza Astea. Ostiralean, "Gure garaia" antzeztu zuten DBH 1-2 mailetako ikasleek, larunbatean, berriz, adin guztietako dantzariak igo dira bete-bete zegoen Manuel Lekuona kultur etxeko eszenariora.

Ikasturte amaiera heldu da, eta Kukuka Dantza eta Antzerki eskolako ikasleek azken hilabetetan landutakoa eszenario gainean erakutsi dute 22. Antzerki eta Dantza Astean. Aurreko egunekoei jarraituz, ostiral arratsaldean DBHko ikasleen txanda izan zen. Nerabe izateari buruzko Gure garaia antzeztu zuten eszenario gainean, bullyinga, lagun taldearen presioa, hilerokoa... eta bestelako gai batzuei tarte eginez. Amaieran kideetako batek esan bezala, beren "burua eraikitzen ari" diren garaia da. 

Larunbatean, dantzaren txanda izan da. Euskal dantza eta euskal dantza sorkuntza talde guztiak aritu dira eszenario gainean. Txikienak izan dira lehenak. Txistulariek lagunduta, pare bat pieza eskaini du talde bakoitzak. Ordu erdiko saioa egin ondoren, bost bat minutuko etena etorri da. 

Bigarren zatiaren hasiera ikusgarria izan da, eszenariora igo aurretik aretoaren inguruan dantza egin baitute, "ardiek" eta baserritarrek. Horien ondotik, bestelako piezak eskaini dituzte, zinta, arku edo makilekin; baita halako ezer gabe ere. 

Amaieran, talde guztiak banan bana bueltatu dira agertokira eta dagokien oroigarri edo diploma jaso dute dantzari guztiek. 

Erlazionatuak