Rocioko erromeriak girotu du Atsobakar asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 9a, 18:06

Bi egunetan ospatu du aurten Semblante Andaluz elkarteak Rocioko erromeria. Ohi bezala, hegoaldeko doinuak eta dantzak nagusi izan dira, tamalez, latitude haietako eguraldia falta izan zaie. Euriak moldaketak eginarazi badizkie ere, ez du jaia zapuztu. 

Larunbat eguerdian taberna ireki eta martxan jarri zuten festaren gunea Atsobakarren. Haurrak izan ziren lehen ekimenen ardatza. LOZETeko buruhandiek korrika jarri zituzten batzuk parkearen inguruko kaleetan, beste batzuek, berriz, margotzea edo bestelako jolasetan aritzea nahiago izan zuten. Erraldoiek, noski, dantza egin zuten; baina, oraingoan, sevillanekin animatu ziren. Nahi izan zuenak hamaiketakoa egin edo gozoak erosteko aukera ere izan zuen. Dantzaldi herrikoiarekin heldu ziren kaldereta jateko ordura. Herri bazkariaren ondoren, dantza gehiago etorri ziren. Lehenik, Errenteriako Concha Rociera koruak emanaldia egin zuen eta ondoren, Semblante Andaluzeko Duende eta Azabache taldeek dantza egin zuten aterpean. Ondoko plazan jarritako eszenario gainean, aldiz, Amaia Gonzalez Caballero akademiako ikasleek erakustaldia egin zuten. Lau talde funky erritmoan aritu ziren, irakasleak runba flamenko saioa egin aurretik. Eta gorputzari eraginez amaitu zuten arratsaldea dantzaldi herrikoian.

Rocioko erromeria Pentekosten jaiaren asteburuan ospatu ohi dute Huelvan. Herrira, pare bat aste geroago ekarri du elkarteak, eta kutsu erlijiosoa mantenduz, meza eta prozesioa egin ohi dute. Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian aurrera eraman dute meza rozieroa, aldarearen albo batean Rocioko amaren irudia eta kofradiaren zutoihala jarrita. Beste aldean, Semblante Rociero koruko kideek bete dituzte eserlekuak. Elizkizunaren zenbait unetan abestu dute, eta Salve rociera-rekin amaitu. Elizan zeuden guztiek abestu dituzte "olé"-ak Juan Navarrok zuzenduta. Ondoren, kofradiako lau kide berriei dominak jarri zizkieten, eta amaitzeko, Duende laukoteak dantza egin zuen. 

Eguraldiak ez duenez lagundu, Atsobakarrera arteko prozesioa bertan behera utzi behar izan dute. Kanta bat abestu diote eliza aurrean amabirjinaren irudiari, eta oihal batzuekin babestuta, furgoneta barrura sartu dute. Atsobakarrera joan aurretik, Ama Brigitarren komentuan geldiunea egin dute. Ateak zabalik eta zain zituzten mojak "erromesek". Irudia eta Semblante Rocieroko kideak heldu direnean berriro abestu dute salvea, kapera atarian jarrita. Mojek sakelako telefonoarekin argazkiak atera eta bideoak egin dizkiote irudiari eta abeslariei. Lore sorta bat opari jasota, azken helmugarantz abiatu dira denak. 

Parkera iristean, taberna inguruan jarritako haimetan bazkarirako beharrezkoak prestatzen joan dira. Bazkariari ekin aurretik, 14:00ak inguruan, Ohorezko ardoa eskuetan, topa egin dute Semblante Andaluzeko arduradunek eta udal ordezkariek, Agustin Valdivia alkatea buru. Edariaz gain, luntx berezi batez gozatzeko aukera izan dute gonbidatuek. 

Bazkalostean, bezperan bezala, dantza izan da protagonista.
Bazkalostea dantzarako unea izan da. Eszenario gainean eta azpian lau orduz nahi beste aritzeko aukera izan dute. Elkarteko Al Alba, Azahar eta Duende dantza taldeak aritu dira oholtzan, baita gonbidatutako Hernaniko Jakaranda, Irungo Embrujo Andaluz ere. Errenteriako Aljarafe eta Concha Rociera taldeek ere Andaluziako doinuekin girotu dute arratsaldeko dantzaldi herrikoia. Amabirjina agurtu aurreko azken txanpan, berriz, Semblante Rociero aritu da. 

 

Erlazionatuak

'Salve rocieroa' abestu dute komentuan

Txintxarri Aldizkaria eka 09 Kultura