Eztarrietatik, 'Biotzetara'

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 23:01

Lasarte-Oria eta Boise (Idaho, AEBak) senidetu ditu musikak eta euskarak. Egunpasa polita egin dute hemengo Xumela eta hango Biotzetik koruek; Getarian eta Pasaian izan dira, besteak beste. Arratsaldean herrira etorri dira eta emanalditxo polita egin dute Okendo plazan, Ttakun Kultur Elkarteko ordezkarien harrera jaso ostean. Ondoren, pintxo-afaria egin dute Ttakunenea elkartean.

Harrigarria da 8.000 kilometro baino gehiagotara dauden udalerri eta hiri banatan bizi diren pertsonek zer-nolako gertutasuna erdietsi duten ordu gutxi batzutan: musikaren eta euskararen magia. Boise hiriko (Idaho, AEBak) euskal etxeko Biotzetik koruko 30 bat lagun Euskal Herrira etorri dira eta ongietorri beroa jaso dute gure herriko Xumela taldearen eta Ttakun Kultur Elkartearen partetik. Estatubatuarrek hemen ohikoak diren baserritar zapiak zeramatzaten. Hau irakur zitekeen atzealdean:

Goizean aipatu bi eragile horietako zenbait lagun Getarian izan dira eta kostako herri horretan bazkaldu dute. Ondoren, Pasaiko Albaola ezagutu dute eta 19:00ak aldera iritsi dira Okendo plazara. Ordurako zain zituzten plan horrekin bat egin ezin izan duten Xumelako dozena bat kide inguru. Guztiak elkartu eta enparantza atzeko arkupeetara joan dira, gerizpera, eguzkiak gogotik jo baitu gaurko egunean. 

Txalapartaren ttakuna, Boisera

Ttakuneko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek azaldu die euskara elkarteak 30 urte baino gehiago daramatzala hizkuntza horren alde lanean: "Aisia eta kulturako alor asko jorratzen ditugu eta iruditzen zait oraindik segi beharko dugula horretan; lantalde oso majoa daukagu". Ostean, poltsa batetik atera du Biotzetik koruak Boisera bueltan eramango duen oroigarria, txalaparta bat. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu egin diguzuen bisitagatik, entzun dadila txalapartaren ttakuna Boisen ere".

Jarraian, Xumelako kide den Antton Garinek, bertsolaritzaren champion-ak ("txapeldunak" euskaraz, ingelesezko hitza itzultzaile lanak egin dituen Biotzetikeko kideak erabili du, Joxe Mari Agirretxek Garini buruz egindako deskribapena uler zezaten koruko gainerako kideek) pare bat bertso abestu dizkie etorri berriei, eta bukatu du esanez AEBtik hona etorri eta bisita egitea "urrearekin ere ez dela pagatzen". 

Urrearekin, beste metal preziaturen batekin edota edozein dibisarekin ordaindu ezin daitekeena da belaunaldi desberdinetako kideak elkarrekin Txoria txori abesten. Hori lortu dute Xumelak eta Biotzetikek, Okendon zeuden haur talde bat erakarri eta Mikel Laboaren kanta ezagun hori beraiekin abestea. Errepertorioa osatu dute Epo i tai tai e, Haurrak ikasazue (Boisekoek abestu dute hau) eta beste kanta batzuek.

Historiarako geratuko den talde argazkia egin ostean, kalejiratxoa egin dute Ttakunenea elkarteraino eta pintxo-afaria egiten hasi aurretik Amerikatara joan nintzen abestu dute. Ondoren, Ttakunek Iñigo de Loiola kalean duen egoitzara sartu eta indarrak berritu dituzte, hori bai, abesteari utzi gabe: "Unblenble, unblenble, txirriaska, txirriaska, altxa kopa hori, altxa kopa hori... Ieup!".