Herriko igerilariak Gipuzkoako Open Sariko podiumean izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 15:00

Open Sarian parte hartu duten Buruntzaldea IKTko kideak. Arg: Buruntzaldea IKT.

VII. Gipuzkoako Open Saria lehiatu zen ekaineko lehen asteburuan Donostiako Paco Yoldi igerilekuan. Lasarte-Oriako igerilariak ederki egin zuten igeri eta hainbat finaletan parte hartu zuten. Dominak ere jantzi zituzten, baita markak ondu ere. Esate baterako, Ainhoa Martinek 200 m. bular probako Euskadiko errekorra berritu du

Gipuzkoako igerilaririk onenak batu ziren Donostian aurreko asteburuan. Horien artean izan ziren, Bidasoa XXI taldeko Ainhoa eta Leire Martin eta Buruntzaldea IKTko Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Ibon Elola, Mario Amantegi, Oihan Matute eta Iñaki Garcia.

Buruntzaldea IKTko prestatzaileek azaldu modura, "gure taldekide gehienak igerileku luzean lehiatzera ohituta ez daudenez, zalantza edo ezjakintasun handiarekin zeuden haietako asko, infantilak batez ere; baina hala ere, gogotsu egin zioten aurre erronka horri".

Larunbata eta igande goizeko sailkapen probak gaindituta, Martin ahizpak zein Buruntzaldea IKTko lau taldekide –Miren Sarobe, Garazi Etxeberria, Ibon Elola eta Iñaki Garcia– finaletan lehiatu ziren eta emaitza ederrak eskuratu zituzten.

Ainhoa Martinek 200 m. bular proban bere marka ondu eta Euskadiko Errekor berri ezarri zuen: 02.29,80.

Buruntzaldea IKTko kideek 16 marka pertsonal berri egin zituzten:

  • Miren Sarobe: 50 m. libre, 28,29; 50 m. tximeleta, 32,25; 200 m. lau estilo, 02.40,46 eta 100 m. libre, 01.02,76.
  • Iker Gorostegui: 50 m. eta 100 m. tximeleta; 28,44 eta  01.03,60, hurrenez hurren.
  • Ibon Elola: 50 m. eta 100 m. bizkar; 31,49 eta 01.07,54, hurren hurren.
  • Mario Amantegi: 100 m. bizkar, 01.11,31 eta 400 m. libre, 04.39,96.
  • Oihan Matute: 400 m. lau estilo, 05.22,06 eta 400 m. libre, 04.34,72.
  • Iñaki Garcia: 50 m. (25,42), 100 m. (55,51) eta 200 m. (02.03,52) libre eta 50 m. bizkar, 29,87.

Martin ahizpak bost alditan igo ziren podiumera. Ainhoa garaile izan zen 200 m. bular eta 200 m. lau estilo probetan eta Bidasoa XXI taldearekin zilarrezkodomina eskuratu zuen 4x100 m. libre erreleboan. Leire, aldiz, txapeldunorde izan zen bizkar erako bi probatan; 50 m. eta 100 m.

Ainhoa eta Leire Martin, podiumetan. Arg.: GIF 

Buruntzaldea IKTko ordezkarien kasuan, Iñaki Garciak igeri egindako proba guztietan infantil mailako podiumeko maila gorenera igo zen. Oihan Matutek ere lehiatutako bi probetan infantil kategoriako lehen postuetan izan zen; 400 m. libre proban txapeldun eta lau estiloetako 400 metroko proban, berriz, hirugarren izan zen. Eta Matutek Mario Amantegi izan zuen lagun 400 m. libreko podiumean; Amantegik zilarrezko domina jantzi zuen.  Garazi Etxeberria ez zen poiumera igo, baina 200 m. estilo proban seigarren sailkatu zen.