Udaleko Udako Txokoen izen ematea irekitzear

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 08:59

Hilaren 10ean irekiko da Udalaren Udako Txokoetan izena emateko epea eta 19ra arte izango dute interesdunek horretarako aukera. Bi bide izango dituzte horretarako; aurrez aurrekoa, kultur etxean, eta sarean, horretarako ahalbidetu duten web atari baten bidez 

Udako Txokoak aurkeztu ditu Lasarte-Oriako Udalak berrik; agerraldian egon dira horiek aurrera eramango dituen Servicios Globales Araba enpresako ordezkari Asier Velasco eta txokoetan koordinatzaile lanetan arituko den Danel Kerejeta; horiekin izan dira baita ere Agustin Valdivia alkatea eta Mikel Muñoz Kultura teknikaria.  

Velascok hartu du hitza, eta txokoen gaineko informazioa eman. Esan du bi txanda eskainiko dituztela; uztailaren 3tik 30era lehena, eta, abuztuaren 1etik 30era, bigarrena; hala nahi dutenek, bietan parte hartzeko aukera izango dute. Jakinarazi du horietan aritu ahal izateko izen emate epea datorren astelehenean, hilak 10, irekiko dela eta hilaren 19an amaituko. Bi bide izango dituzte interesdunek horretarako; lehena, kultur etxeko garai bateko kafetegira joanda (17:00etatik 20:00etarako ordutegian); bigarrena, berriz, sarean. Azken aukera horretarako (eta txokoen gaineko informazio osoa kontsultatzeko) honako web ataria erabil daiteke: www.udakotxokoaklasarte-oria.com . Inskripzioa sarean egiten dutenek, izen emate orria deskargatu, bete eta arduradunek zehaztutako komunikazio bideen bidez bidali beharko dute. 

Progamazioa eta prezioak

Udako Txokoak 09:00etatik edo 10:00etatik 13:00etarako ordutegia izango dute, eta aurrera eramango duten programazioaren xehetasunak eman ez dituen arren, aurrera eramango dituzten jarduera guztiak lau multzotan sailkatu ditu: irteerak, eskulan eta tailerrak, jolasak, eta taldeek elkarrekin egiteko jolasak (pista jolasak, ginkanak, eta abar). Prezioak, berriz, hauek: Haur Hezkuntzako haurren lau orduko matrikula (09:00etatik) 150,35 eurokoa da; hiru ordukoa (10:00etatik), aldiz, 111,90 eurokoa. Lehen Hezkuntzakoen kasuan, berriz, lau orduko matrikula egin nahi dutenek 167,40 euro ordaindu beharko dituzte, baina, kiroldegiko bazkide direnek, beherapen bat izango dute; horiek 150,35 euro ordaindu beharko dituzte. Hiru orduko matrikulen kasuan, berriz, prezio orokorra 129,05 eurokoa da, eta kiroldegiko bazkideentzat, aldiz, 111,90 eurokoa. 

Begiraleak eta erabiltzaileak

Begirale guztiak "lasarteoriatarrak edo ingurukoak" direla nabarmendu du Velascok, eta horiek guztiek begirale titulua edota magisteritza edo psikologia ikasketak dituztela azpimarratu du, baita euskarako B2 titulazioa dutela ere. 

Txokoetan parte har dezaketen haurrei dagokienean, herrian erroldatutako haurrek izango dute lehentasuna, baina, lekuak libre geratuz gero, Lasarte-Oriarrak ez direnak ere matrikulatu ahal izango dira. 

Ageraldia amaitu aurretik, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza. Barkamena eskatu du udako txokoen zerbitzuaren prozesua "hainbeste atzeratzeagatik". Azaldu du hori gertatu izanaren arrazoia zein izan den; kontatu du udala azken unera arte saiatu dela txokoekin batera jantoki zerbitzua eskaintzen, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin izandako negoziazioetan ez duela lortu haiek sukaldea, altzariak eta tresneria uztea zerbitzu hori eman ahal izateko.