Lehen aldiko ilusio berberarekin egingo dute hamargarren Vespa eta Lambretta rallya

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 07:00

Scooter Club Euskadiko kideek oroigarri bat eman diote udalari, hamar urteotako elkarlana eskertzeko.

Marka ospetsuenetako scooter gidarien topaleku izango da Lasarte-Oria hilaren 14tik 16ra. Motorren rallya antolatzen duen Scooter Club Euskadi eragileak egitarau erakargarria prestatu du Lasarte-Oriako Udalaren eta herriko elkarte nahiz dendari ugariren laguntzarekin.

Kilometro asko egin dituzte (Scooter Club Euskadik 25 urte beteko ditu datorren urtean), baina gasolina ez zaie amaitu oraindik. Kontrara, lehen aldiko ilusio berberarekin jarraitzen dute jarduerak antolatzen han eta hemen. Horren adibide, Lasarte-Orian datorren asteko asteburuan egingo duten rallya, ostiral arratsaldetik hasi eta igande eguerdira arte. Hamargarren aldia izango da; aurrenekoa 2015ean aurrera eraman zuten.

Lasarte-Oriako lehenengo rallya 2015ean egin zuten. Besteak beste, Okendon erakutsi zituzten motorrak; gaur egun egiten dute hori oraindik.

 

Egitasmo horrek "harrera oso ona" izan du lehenengo alditik, antolatzaile taldeko kide diren Isabel Lopez eta Ramon Anguianok azpimarratu dutenez. 80 eta 100 motorzale elkartu ohi dira (120 ere bai urteren batean), Euskal Herrikoak ez ezik Espainiar Estatuko beste hainbat tokitakoak ere bai. Elkartzen dituen pasioaz gozatzeko astebete pasatxo falta denean, herriko bi hotelak beteta daudela esan dute. "Etortzeko asmoa duen batek baino gehiagok esan digu ezin izan duela logelarik erreserbatu; den-dena ez da guk egingo dugun rallyagatik izango, baina herriari bizia ematen dio eta jarduera ekonomikoa bultzatzen du".

Eskerrak emateko, oroigarria

Urteotan guztiotan norbanako, eragile, babesle eta erakundeak izan ditu lagun Scooter Club Euskadik. Horietako bat izan da Lasarte-Oriako Udala eta elkarrekin egindako bideagatik esker ona adierazteko, oroigarri bat eman diote erakundeari: Agustin Valdivia alkateak eta Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok jaso dute. Herriagatik egiten dutena eskertu diete udal ordezkariek eta gutxienez beste hamar urte gehiagoz elkarlanean jarraitzea opa.

Une sinboliko horren ostean aurtengo egitarauaren berri eman du Anguianok.

Egitaraua

Hilak 14, ostirala

  • 19:00etan, Santxo tabernan, motorzaileei harrera eta izen ematea. Ibilgailuak ikusgai jarriko dituzte.
  • 21:00etan, Santxo tabernan, pintxo-afaria.
  • 22:30ean, herrian barrena, gau ibilaldia.
  • 23:00etan, Buenetxea kafetegi-tabernan, jaia: Pepis PD eta Fernando Ankor DJek emanaldia egingo dute.

Hilak 15, larunbata

  • 10:00etan, Okendo plazan, scooter erakusketa.
  • 11:00etan, Tiburtzio Artizar tabernan, barrikotea eta pintxoak. Txalapartariek joko dute.
  • 12:00etan, herritik abiatuta, Scooter Run ibilaldia, 70 bat kilometrokoa.
  • 15:00etan, Hernaniko Jauregi jatetxean, bazkaria.
  • 18:30ean, Andapa kalean, scooter erakusketa eta jokoak.
  • 21:30ean, Hiru Aldeta tabernan, pintxo-afaria.
  • 22:00etan, Buenetxea kafetegi-tabernan, jaia: Las Furias eta Garbayo taldeen kontzertuak eta Rudy Garcia zein Lady Slices DJen saioak. 

Hilak 16, igandea

  • 11:15ean, Oria Txiki tabernan, hamaiketakoa.
  • 12:00etan, Oriatik abiatuta, ibilaldia.
  • 12:30ean, Arkupe tabernan, bermuta.
  • 14:30ean, Arkupe tabernan, pintxo-bazkaria.

Motorrak berotzeko (inoiz baino hobe esanda), zenbait motor jarri dituzte herriko zenbait komertzioren erakusleihoetan. "Rallya laster egingo dugula iragartzeaz gain, herritarrak erakartzen ditu tokiko saltokietara". 

Datorren asteburuko rallyari eta elkartearen egitasmoei buruzko informazio gehiago Scooter Club Euskadiren Facebook orrialdean topa dezakete herritarrek.