Lasarte-Oriako Mendi Lasterketa irailaren 29an lehiatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 09:30

Arg.: LOTME.

Lasarte-Oria Mendi Elkarteak (LOTME) irailaren 29an bigarrenez Lasarte-Oriako Mendi lasterketa antolatuko du. Hilaren 1etik izena ematea martxan da.

Buruntza mendira igotzen da proba. Ibilbideak 14,5 kilometroko luzera eta 750 metroko desnibel positiboa du. Lehenengo 8 kilometroetan desnibel positiboaren zatirik handiena metatzen da, eta, gero, beheraka egin behar dute lehiakideek. Horregatik, antolatzaileek azaldu dutenez, "nahiz eta lasterketa laburra izan, ziur gaude gogorra dela eta beroak oso gogorra egin dezakeela". 

Hilaren lehenean ireki zen inskribatzeko epea LOTMEko webgunean zein kronoak orrialdean. Irailaren 16ra arte egongo da aukera izena emateko.  Probaren informazio gehiago elkartearen webgunean aurki daiteke. 

Familia ibilaldia

Lasterketaz gain, hilaren 23an Familia ibilaldia ere antolatu duela gogorarazten du elkarteak. Inskripzioa webgunean bertan egin daiteke hilaren 20ra arte.