Izar Beltzak torneoa, oroimenetik omenaldira

Txintxarri Aldizkaria 2024ko eka. 5a, 15:15

40 urte ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula eta Beltzak Errugbi taldeak urteurren berezia ospatzeko ekimen ezberdinak antolatu zituen hilaren 1ean, Michelin kirol gunean

Errugbi eskolako txikiek eta euren senideek eman zioten hasiera jardunaldiari. Euripean, joko ezberdinak egin eta neurketa berezia jokatu zuten; haurrak helduen aurka. Indarrak berreskuratzeko hirugarren denbora ere izan zuten.

Arratsaldean Izar Beltzak oroimenezkoaren txanda izan zen. Atletico San Sebastian, Huescako Quebrantahuesos eta Beltza Lasarteorians/ZRT taldeek hiruko torneoa jokatu zuten. Neurketa politak ikusi ahal izan ziren eta etxeko taldeak eraman zuen sari nagusia.

Parte hartu zuten taldeei oroigarriak banatzeaz gain, Beltzakeko Julen Cubreirori torneoko jokalari onena saria eman zioten eta errugbia utziko duen Kepa Ibargurenek ere izan zuen oparitxoa.

Omenaldia

Kirolaz gain, oroimen eta omenaldirako tartea ere izan zen torneoa amaitzean. Txalaparta, musugitarra eta kutxa doinuen bitartez, Beltzak taldeko sortzaile, jokalari eta zuzendari izandako Aitor Urangaren eta taldeko lehen kapitain eta zuzendaritzako kide zen Jorge Perez Gotxo izan zituzten gogoan eta euren senitartekoei lore sorta bana eman zizkieten. 

Ezusteko modura Beltzak Errugbi Taldea osatu zuten kirolariei omenaldi txikia ere egin zitzaien. Erketz EDTko kideek agurra eta zintza dantza eskaini eta hainbat oroigarri banatu zituzten.

Eta amaitzean guztiek hirugarren denboraz gozatu ahal izan zuten.