Han eta hemen kantari ibiliko da Xumela korua datozen asteetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 5a

Ekitaldiz lepo du ekaineko agenda Xumela koruak, asteburu honetatik hasita. Ostiral arratsaldean Boise (Idaho, AEBak) hiritik etorritako abesbatzarekin batera ariko da Sagardotegi plazan, 18:45ean. Ondoren, pintxo-afaria egingo dute Ttakunenea elkartean. Igandean, aldiz, Alkizara joango dira, Naturaren Doinuak jaialdian parte hartzera.

Astelehenetan elkartzen dira Xumelako kideak, ordu eta erdi inguruz entseatu eta euskaraz kantatu bitartean tarte atseginak igarotzeko. Ikasturtean zehar landutakoa ez da Oriarte Landaberri institutuko musika gelan geratzen, izan ere, tartean-tartean emanaldiak eta beste talde batzuekin elkartrukeak aurrera eramaten dituzte. Azken horren adibide izango da ostiral honetan egingo dutena: Boiseko euskal etxeko taldearekin egunpasa egingo dute Getarian, Zarautzen eta Pasaiako Albaolan; ondoren, herrira etorri eta 18:45 aldera emanalditxo bateratu bat egingo dute Sagardotegi plazan eta elkarrekin mokadu bat jango dute gero Ttakunenea elkartean. 

Bi egun geroago Alkizara joango dira, Naturaren Doinuak jaialdian parte hartzera. Astelehenean entseatu zuten ekitaldi horren zuzendari Shrabani Aranzabe-Pitarekin, Oriarte Landaberrin. Josu Txapartegi Txapas zarauztarrak zuzentzen duen koruko kideek adierazi dutenez, "luxu bat" izan da musikari alkizarraren eta bere taldekideekin jardutea. 10:30ean hasiko da aipatu ekimen hori eta Xumelakoek ekitaldi nagusian parte hartuko dute, 17:30etik aurrera, beste hainbat eragilerekin batera: Porrotx pailazoa, Klaap dantza taldea, Aspanogi elkartea, musikariak, dantzariak...

Azken astelehena eta sanpedroak

Ikasturteko azken saioa hilaren 17an aurrera eramango dute Xumelako kideek, Oriarte Landaberrin. Horren ostean afari-merienda egingo dute giro ederrean entseguei agur esateko. 

Hilabetea amaitzeko, 29an, San Pedro Jaietan egin ohi duten kantu jira aurrera eramango du taldeak, Sagardotegi plazatik abiatuta, 11:00etan. Horren ostean, Sorgin Jaiak-ek antolatu duen Bizipoza ekitaldian parte hartuko dute.