Ostadarreko taldeek, txanponaren bi aldeak igoerako kanporaketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 5a

Jubenil taldeko jokalariak defentsa lanetan. Arg.: Ivaylo Asenov.

Azken neurketara arte ederki borrokatu dira Ostadar SKTko Jubenil I. Mailako zein Erregional Goreneko jokalariak. Joaneko partidetan berdinketa eskuratu ostean, etorrikoan zuten bi taldeek igoera jokoan. 1-0 amaitu ziren bi norgehiagokak baina neurketa batean bakarrik zen Ostadar etxeko; jubenil mailakoan

Neurketa borrokatu izan zen Ostadar eta Urolaren artekoa. Baloiaren jabetza batetik bestera igaro zen eta biek markagailua irekitzeko aukera garbiak izan zituzten. 

Atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren eta markagailuak horrela jarraituko zuela zirudien, 76. minutura arte. Momentu horretan, Jon Barrantesek gola egin eta etxeko taldeak neurketaren kontrola hartu zuen. Errenta handitzen saiatu arren, Aitor Igarrizek zuzendutako jokalariek ez zuten lortu. Hala ere, emaitza nahikoa izan zen eta taldea Jubenilen Gorengo Mailan izango da hurrengo denboraldian.

Igoera lortu osteko, talde argazkia. Arg.: Ivaylo Asenov.

Giro ederra

Eregional Gorengo mailako lehia, aldiz, Oñatin izan zen. Talde urdin-beltzeko 300 bat lasarteoriatar bildu ziren Azkoagain zelaian taldea bultzatzeko eta giro ederra sortu zen.

Lehen ordu erdian Jon Iruretaren taldea nagusi izan zen. Aloña Mendik urduri jokatu zuen eta Ostadarrek aukera garbiak izan zituen markagailuan aurre hartzeko.

Korner batean guztia aldatu zen, ordea; aurkariak gola egin eta berpiztu zen. Ostadarrek saiatu arren, ezin izan zuen neurketa berdindu eta Ohorezko mailako igoerako ametsa hurrengo urterako utzi beharko du taldeak.

Erregional Goreneko neurketako irudia eta Ostadarreko jarraitzaileez betetako harmaila. Arg.: Txema Valles.