Ostadarreko atletek hiru domina jantzi dituzte 18 urtez azpiko Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 5a

Oinatz Almagro, jauzi hirukoitzeko Euskadiko txapeldun da. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Lasarte-Oriako atletak txapelketaz txapelketa dabiltza. Oraingoan 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketan izan dira herriko ordezkariak, Gasteizen. Ederki jardun dira proba ezberdinetan; 18 urtez azpiko mailan kolore banako domina eta Espainiako txapelketarako gutxieneko bat eskuratu dituzte

Podiumeko maila gorenera igo da Ostadar SKTko Oinatz Almagro. Jauzi hirukoitzeko proban lortu zuen urrezko domina. Bigarren saiakeran 13,06 metro egin zituen eta ez bera, ezta aurkariak ere ez ziren gai izan marka hori gainditzeko. 

Xabalina proban bigarren izan da talde urdin-beltzeko kide Aiala Ramos. Lehiaketa hasieratik lehen postuetan izan zen atleta gaztea eta laugarren saiakeran 26,60 m. egin ostean, lortu zuen zilarrezko domina.

Brontzezko domina, aldiz, talde kide Aitor Eizaguirrek jantzi zuen pisu jaurtiketa proban. Eizaguirrek 10,65 m. egin zuen laugarren jaurtiketan.

Markak

Lasarte-Oriako atletismo taldeko hainbat kide zein Real Sociedadeko Naroa Elvira herritarra ere podiumeko hirugarren mailatik gertu izan ziren; June Garcia jauzi hirukoitzean, Naroa Elvira 200 m. lasterketan eta Iraia Alkorta 1000 m. lasterketan. 

Alkortak, gainera, bere marka ondu (12,27) eta Malagan lehiatuko den 18 urtez azpiko Espainiako txapelketarako gutxienekoa eskuratu zuen.

Egun bat lehenago, Donostiako proba libreetan ere Ostadarreko kideek nabarmentzeko moduko emaitzak izan zituzten.

Naroa Furundarenak luzera jauziko marka 18 zentimetroan hobetu zuen, 6,18 m. Denboraldiko Espainiako sailkapenean 10. marka onena da Lasarte-Oriako jauzilariak egindakoa eta absolutu mailako Espainiako txapelketan proba horretan ere parte hartzeko aukera handiak ditu herritarrak. 

Eider Redondok ere proba berean egin zuen marka, 5,53 m. Horri esker, 16 urtez azpiko Espainiako sailkapenean hirugarren da eta uztaileko Espainiako txapelketa lehiatzetik gertu da atleta gaztea.