Basoan murgildu ditu ikus-entzuleak Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola; zuhaitzek apaindutako oholtzan erakutsi dute antzerkirako trebezia aipatu eskolako ikasle gazteek.
Sasoeta ikastetxeko LH1. mailako antzerki ikasleak izan dira eszenatokira irteten lehenak. Doradeo dortoka txikiak hartu du eszenatokia. Animalia basatien ipuina eskuan hartuta azaldu da jendaurrera, eta bertan agertzen ziren animaliak ezagutzeko asmoa agertu die ikus-entzuleei. Liburutxoa irakurri bitartean agertu zaizkio ondora bertan ezagutzen joan den animaliak, hala nola, otsoak, tigreak, gorilak eta gepardoak. Azken hori oso jatorra iruditu zaio Dorodeori, eta bere etxera joateko gonbita onartu dio. Gepardoak kontatu dio bere bizilekuan, harri magikoak daudela, nahiz eta berak ez duen inoiz bakar bat ere ikusi. Horiek topatzeko jolasean hasiko dira aurrez aipatutako animalia guztiak, eta lan zaila izan den arren, azkenean lortu dute harri horiek bilatzea.
Landaberriko LH 1. mailako gaztetxoen txanda izan da; Mundu magikoa antzezlana erakutsi dute. Jantzi dotorez apaindutako erregina batek hartu du oholtza. Laguntxoek jakinarazi diote pertsona batzuk sartu direla Mundu magikoan, eta horiek bilatzeko agindua eman die erreginak. Agindutakoa bete dute horiek; topatu dituzte eta jakin dute musikariak direla. Baimena eman die erreginak mundu magikoan geratzeko, baina, baldintza batekin; berarentzat musika jotzea. Hala egin dute, eta erreginarekin batera, dantzan utzi dute agertokia.
LH 2 eta 3. mailako ikasleak gero
Saoetako LH 2 eta 3. mailako ikasleek hartu dute oholtza gero; Zu, zu zu otso jauna antzezlana erakutsi dute. Otsoaren izaera gaiztoaz mintzatu dira maitagarriak eta txano urdina. Bestelako animaliak ere agertu dira, eta horiek azaldu dute janaria lapurtzen diela. Otsoa gaizki portatzen ari dela azaldu dute guztiek, eta, halako batean, dinosauroa agertu da horien ondora. Zer gertatzen zaien galdetuta, otsoak sorrarazten dien beldurraren berri eman diote, eta denek elkarrekin, lezio bat ematea erabaki dute; ikusarazi diote ez dela ausartena, ezta indartsuena ere.
Basoen zaindariak antzerkia izan da azkena; Landaberri LH 2. mailako ikasleen lana izan da hori. Etxebizitzak eraiki asmoz, basoa txikitzeko asmoz agertu dira antzezle gaztetxo batzuk, horien artean obraren zuzendari rolean aritu dena ere bai: Rosa anderea. Azken zuhaitza eraitsi aurretik, horren itzalpean kuluxka egitea erabaki du, baina ez du lasai lo egiterik lortu; izan ere, basoko izaki magikoek ingurua ez eraisteko eskaera egiten ziotela amestu baitu behin eta berriro. Azkenean, amets horien eraginez, lanak bertan behera uztea erabaki du, eta tximeletekin, galtzagorriekin eta basoan jolasean ibiltzen diren haurrekin eskutik helduta dantzan amaitu dute.
Erakustaldiak amaituta, diploma banaketa egin du Kukukak; oroigarri bana banatu dio parte hartzaile bakoitzari.