Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Isidro Zaldua Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariak sinatu dute aipatu akordioa. Hitzordu hori baliatu du diputatuak Usurbilgo Lanbide Eskolara joateko, eta bertako zuzendari Isidro Zalduaren eskutik, zentroak energia berriztagarrien arloan egin duen azken azterlana gertutik ezagutzeko aukera izan du. Azterlan horrek Usurbil LHIIk jasangarritasun energetikoaren arloan duen "konpromisoa eta aurrerapen teknologikoa" islatzen ditu, eta berrikuntzaren arloan duen lidergoa nabarmentzen.
Hitzarmenaren helburua da bi erakundeen arteko "lankidetza sistema bat ezartzea" jasangarritasun energetikoarekin lotutako hainbat arlotan. Horren bitartez honako konpromiso hauek daude, besteak beste; energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko jarduerak batera sustatzea, Gipuzkoan energia berriztagarriak modu jasangarrian erabiltzea, eta beste eragile garrantzitsu batzuekin koordinatzea, hala nola erakunde publikoekin, unibertsitateekin, enpresekin eta elkarteekin. Akordio horrek energiaren "ikuspegi soziala" bultzatzen du, lehentasunak klima eta pobrezia eta kalteberatasun energetikoa murriztea izan daitezen. Era berean, ezinbestekotzat jotzen du energia eraginkortasunerantz eta energia iturri berriztagarrien garapen eta hedapen handiago baterantz joatea, baita tokiko sorkuntza sareetarantz ere. Horien helburua da herritarrei aipatutako arloetan ezagutza helaraztea, energia kontsumoa murrizten saiatzeko eta energia irtenbide jasangarri berriak bilatzeko. Horiek guztiak garatzeko, aldundiko Jasangarritasun departamentuak 50.000 euro jarriko ditu.
Era berean, hitzarmenaren jarraitutasuna eta dinamismoa bermatuko dituen urteko jarduketa plan bat egin eta onartuko dutela ere iragarri dute; hori, une bakoitzean eraginkorrenak diren neurrietara egokituta egongo da. Lankidetza horren xedea da energiaren arloan gero eta informazio eta ezagutza gehiago eskatzeari erantzutea, bai profesionalen aldetik, baita herritarren aldetik ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak nabarmendu du efizientzia eta energia aurreztea eta energia berriztagarriak sustatzearekin batera, funtsezko konpromiso publikoak direla berotegi efektuko gasen emisioa murrizteko, berriztagarriak ez diren baliabideen kontsumoa gutxitzeko eta energia sistema iraunkor baterantz egiteko. Testuinguru horretan kokatzen da Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategia, karbono gutxiko energia eredua sustatzen duena.
Jasangarritasun Departamentuak energia gaien gaineko prestakuntza eta ezagutza eskaera handia identifikatu du. Premia horiei aurre egiteko, Usurbil LHII bezalako eragile espezializatu baten laguntza behar du; energiaren arloko berrikuntzan duen lidergoagatik eta Energia Berriztagarrien Zentro aurreratuagatik aitortua da. Gauzak horrela, akordioa "urrats garrantzitsua" da Gipuzkoan jasangarritasun energetikoa sustatzeko eta lurraldeari klima aldaketaren erronkei aurre egiteko beharrezko tresnak emateko.