Kultur eskaintza berria egin du Kultura sailak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ekainaren 3a

Kukuka eskolaren  22. Antzerki eta Dantza Asteak abiaraziko du hil honetako kultur agenda eta horren atzetik etorriko dira gainerako jarduera guztiak. Ohi bezala, askotariko adin eta gustuei zuzendutako eskaintza prestatu du udalak

Kalera irtengo dira lasarteoriatarrak ekainaren 3an, astelehenarekin. Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako kideek urtero egin ohi duten Antzerki eta Dantza Astea ospatuko baitu, 22. aldia izango da aurtengoa. Egun horretarako desfile bat iragarri du, 19:00etan hasiko dena. Hurrengo hiru egunetan, hau da, ekainaren 4, 5, 6, 7an ikasturte amaierako emanaldiak egingo dituzte antzerki ikasleek, eta 8an, berriz, dantzakoek. Egun horietako bakoitzean bina erakustaldi aurrera eramango dituzte; goizean, ikastetxeetako haurrentzako, eta arratsaldean, aldiz, herritarrentzat. Azken emanaldi horiek, 19:00etan izango dira, kultur etxean eta sarrera doakoa den arren, gonbidapenak hartzea ezinbestekoa da. 

Hilaren 7an Carmen Atalaia Revillak Gracias liburua aurkeztuko du. Kultur etxeko hitzaldi aretoan izango da hori, 17:30ean. Hiru egun geroago bigarren liburu aurkezpen bat aurrera eramango da; oraingoan, Idoia Torregarai Martijak Mikroipuinak aurkeztera etorriko da Lasarte-Oriara. 18:30ean izango da hori, leku berean: kultur etxeko hitzaldi aretoan. 

14tik 21era, berriz, Brancussi margolaritza akademiako ikasleek urtean zehar egindako lanekin osatutako erakustea ikustera joateko aukera izango dute interesdunek. Mercero gunean izango da hori, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era. 

Ekainaren 14an Alboka abesbatzak emanaldia eskainiko du Brigitarren komentuan, 19:30ean, eta egun bat geroago, ekainaren 15ean, Euskal Dantza emanaldiez gozatzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek Erketz Euskal Dantza Taldearen eskutik. 19:00etan hasiko da emanaldi hori, Okendo plazan.

Udal Musika Eskolako musikarien txanda izango da gero; ikasturtean zehar ikasi dutena erakutsiko dute  ekainaren 17, 18 eta 19an. 19:00etan hasiko dira emanaldi horiek 

Ikasleek ondutako dokumentala

Hilaren 18an, beste jarduera bat ere izango da herrian. Oriarte BHIk martxan duen Zinema (h)abian proiektuan parte hartu duten ikasleek egindako dokumentala emango dute Mercero aretoan, 19:00etan. 

Udako festa giroari hasiera emateko, berriz, San Juan sua egingo dute ekainaren 23an. Erketz Euskal Dantza Taldeak antolatuta, Kale Nagusitik abiatuko dira, eta desfiletxo bat eginaz, Andatza plazara iritsiko dira. Bertan San Juan suaren inguruan dantza egingo dute, Alboka abesbatzak eta Zero Sette akordeoi taldeak lagunduta.  21:30ean hasiko da ekimena. 

Eta ate joka ditugun San Pedro Jaiei begira jarriaz, patroiaren egunean aurrera eramango den bertso jaialdia aipau du Ainara Elizechea Kultura zinegotziak. Aurreratu du Ane Labaka, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Lierni Rekondo, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal arituko dira bertsotan, eta Amaia Agirre izango da gai jartzailea. 22:30ean hasiko da egitasmo hori, kultur etxean. 

Eta ekaineko eskaintzarekin amaitzeko, eta herriko jai betean, ekainaren 30ean Zero Sette Akordeoi Taldeak kontzertua emango du. 13:00etan hasiko da hori, Okendo plazan. 

Dantza Eskolako aurrematrikulazioa

Bestalde, kultur jardueren berri emateaz gain, Kultura departamentuko zinegotzi Ainara Elicecheak jakianrazi du hilaren 6an, ostegunarekin,  irekiko dela datorren ikasturterako izen emate epea; interesdunek 20ra arte izango dute hori egiteko aukera, eta, horretarako, Manuel Lekuona Kultur Etxera joan beharko dute.