Buruntzaldea IKTko hiru kide –Ander Martinez, Itxaso Iparragirre eta Oier Jauregi– Gipuzkoako selekzioarekin Galdakaon (Bizkaia) lehiatu ziren igeriketako Euskadiko Kirol Jokoetan hartu zuten parte. Liher Albizu kidea ere deialdian bazegoen ere, ezin izan zen bertan egon.
Ederki jardun ziren taldeko gaztetxoak. Oier Jauregik eta Itxaso Iparragirrek 200 m. bizkar eta 100 m. lau estilo probak lehiatu zituzten. Jauregik bietan ondu zituen markak eta lehen postuetan izan zen; zazpigarren (02,56,20) eta bosgarren (01.25,45) sailkatu zen hurrenen hurren. Iparragirrek 200 m. bizkar probako deskalifikazioa, 100 m. lau estiloetako marka berriarekin (01.25,60) ahaztu zuen. Ander Martinezek, aldiz, 100 m. proban egin zuen igeri eta 01.36,97 markarekin amaitu zuen lehia.
Nazioarteko lehia
Leire eta Ainhoa Martin ahizpek, aldiz, Mare Nostrum txapelketako jardunaldia lehiatu zuten Canet-en-Rousillonen (Frantzia) Euskadiko selekzioarekin. Nazioarteko igerilarien aurka egin zuten igeri eta finaletarako sailkatu ziren; Ainhoa 200 m. bular probako A finalean izan zen; Leire, aldiz, 50 m. bizkar saioko B finalean.
Nazioartean egingo du igeri Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek ere. Gaurtik igandera Berlinen izango da Citi Para Swimming World Serie proban.
Horrez gain, Gipuzkoako Open zein Udako Sarietan parte hartuko dute Buruntzaldea IKTko igerilariek asteburuan. Donostia eta Oñatira egingo dute bidaia taldeko igerilariek.