Jubenil B taldea Euskadiko hirugarren izan da

Txintxarri Aldizkaria 2024ko maiatzaren 30a

Jubenil B taldea lehiatu baino lehen. Arg.: LOKE Gimnastika

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek jubenil mailako Euskadiko txapelketari zein Euskadiko Kirol Jokoei aurre egin zieten hilaren 25ean eta 26an. Jubenil B mailako taldeak brontzezko domina eskuratu zuen

Kirol elkarteko kideak maila handiko lehiaketetan jardun ziren. Euren lanak ederki bete arren, Jubenil B mailako taldea izan da bakarra Euskadiko txapelketan podiumera igotzen; hirugarren izan ziren. Eta Laia Suberbiola gertu izan zen Euskadiko Kirol Jokoetan esku hutsik egindako lanean. 

Lasarte-Oriako taldeko ordezkarien sailkapenak honakoak izan ziren:

Euskadiko txapelketa

• Jubenil A

Noa Del Amo / Saioa Boyero - zinta 21ª /  pilota 16ª; orokorra 19ª. 

Erika Tejero - zinta 15ª; pilota 19ª; orokorra 18ª.

• Jubenil B 

Aitana Molano - zinta 6ª; pilota 8ª; orokorra 9ª.

LOKE - uztaiak eta pilotak 3ª

Euskadiko Kirol Jokoak

• Alebin A

Laia Suberbiola - soka 8ª; esku hutsik 4ª; orokorra 7ª.

Aiala Jimenez - soka 10ª; esku hutsik 9ª; orokorra 9ª.

LOKEko arduradunak harro daude gimnastek egindako lanarekin. Jubenilen kasuan, gainera, berezia izan da brontzezko domina. "Aurten azken urtea izan dute gurekin. Gehienek txikitatik egin dute gimnastika erritmikoa gurekin eta orain kanpora doaz ikastera," azaldu dute prestatzaileek.

Dominak eta hitzorduak

Ez da hau azken asteetan jubenilek jantzi duten garaikur bakarra izan. Hilaren 19an, jubenil eta kadete B taldeak Gasteizen izan ziren lehian. Itzal Torneoan parte hartu zuten eta ederki jardunez, bi taldeak podiumera igo ziren. Jubenilek uztaiak eta pilota lanarekin garaipena erdietsi zuten; kadete taldeak, aldiz, pilota lanarekin hirugarren postua eskuratu zuen.

Ekainaren 1ean, aldiz, master, senior eta kadete mailako gimnasten txanda izango da; Durangon jokatuko dute Euskadiko txapelketa.