Emakumezkoen zein 18 urtez azpiko Euskal Ligako lehiatan Lasarte-Oriako ordezkariak izan ziren borrokan Ordizian. 18 urtez azpiko Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldean Lander Zabala, Eneko Sanchez eta Joanes Arroyo zelaian zein Efren Real aulkian izan ziren eta Aizpea Racamonde, aldiz, Gaztedi taldeko hamabostekoan emakumezkoen finalean.
18 urtez azpiko norgehiagokan Cumenor Elorri Arrasate taldea izan zuten aurrez aurre beltzek.
Lehen minutuan aurkariak beldurra sartu zuen arren, markagailuak batetik bestera egin zuen lehen zatian zehar. Atsedenaldirako minutu batzuk falta zirela, beltzek hiru entsegu eta bi gauzatzerekin alde handia ireki zuten. Bigarren zatian ederki mantendu zuen errenta Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak eta 36-41 amaitu zen norgehiagoka.
Ezin bilbotarrekin
Ordu batzuk geroago, Uni Bilbao Rugby eta Gaztediren arteko emakumeen finala lehiatu zen.
Bilbotarrak indartsu hasi ziren erasoan eta aurre hartu zuten. Gasteiztarrek Uni Bilbao Rugbyren defentsa sendoa gainditzeko arazoak izan zituzten. Metroak irabazteko borroka handia izan zen arren, Gaztedik errenta txikitu zuen. Tamalez bilbotarrek gasteiztarren akatsak baliatu zituzten 25-17 garaitzeko.