Ostadar Boleibol taldeak, garaikurretik garaikurrera

Txintxarri Aldizkaria 2024ko maiatzaren 28a

Infantil A taldea, Euskal Jokoetako sariarekin eta senior taldea, Gipuzkoako txapelketako garaikurrarekin. Arg.: Ostadar Boleibola.

Ostadar Boleibola saileko taldeek bi hitzordu garrantzitsu izan zituzten hilaren 25ean. Infantil A taldeak Gipuzkoako ordezkari gisa lehiatu zuen Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan eta senior taldeak Gipuzkoako txapelketako saria jaso zuen.

Getxon jokatutako Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetako  jardunaldian bigarren sailkatu zen talde urdin-beltza. Lakua Jatorkide 2-0 garaitu eta gerora garaile izango zen CV Sestaoren aurka 0-2 galdu zuen Ane Theus eta Nora Caspistegiren taldeak.

Bestalde, Gipuzkoako txapelketako sari banaketa izan zen Donostiako Pio Baroja kiroldegian. Bertan talde urdin beltzeko senior zein infantil taldeek Gipuzkoako ligako garaikurra jaso zuten.

Probak

Ostadar Boleibol saila hurrengo denboraldia prestatzen hasi da eta talde batzuk osatzeko probak egingo ditu. Horietako bat da Euskal Ligako 2. mailako seniorra. 

Hautaketa saioa ekainaren 4an izango da 19:30etik 20:45era, Maialen Chourraut kiroldegian. 2008 urtean baino lehen jaiotako neskek parte hartu ahalko dute. Proba egiteko aurretiko izena ematea beharrezkoa da, ostadar boleibol saileko sare sozialetan dagoen estekan egin behar da inskripzioa.