Eguzki Bodegas Ayesak Gipuzkoako txapelketa eskuratu du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko maiatzaren 28a

Eguzki Bodegas Ayesa taldea eta jarraitzaileak, txapelketa ospatzen.Arg.: Eguzki Areto Futbola

Eguzki Bodegas Ayesa taldeak asko sufritutako Gipuzkoako txapelketa eskuratu zuen Oñatin Erainen aurka. Lasarte-Oriako taldeak aurkako emaitzari aurre egin eta hiruna berdindu zuen Erainekin. Ez zen penaltirik egon, liga erregularreko sailkapena izan da kontuan txapelduna izendatzeko

Gazteen mailako Gipuzkoako finala jokatu zuten Eguzki Bodegas Ayesa eta Erain taldeek hilaren 25ean. Neurketa zaila izan zen Lasarte-Oriako taldearentzat taldeko prestatzailea Francisco Javier Kixki Perezek azaldu moduan, "ez genuen joko ona erakutsi, baina azken minutuan fin egon ginen atea aurrean eta txapelketa eskuratu dugu".

Lehen zatian, Lasarte-Oriako gazteak ez ziren ongi moldatu kantxan. Zuzen jokatzen saiatu ziren, baloia azkar mugituz erdi eta hegaletatik erasoak egiten, baina ez zegoen jokoa ez zen antolatua eta horrek Eraini erasoak moztu eta kontraerasoak egiteko aukera eman zizkion. Aukera ugari sortu zituen horrela Donostiako taldeak eta horietako bi ongi baliatu zituen markagailuan aurretik jartzeko.

Atsedenaldira iritsi eta jokoa lasaitu behar zutela adierazi zien Kixkik. Era horretara, baloia mugitu eta aukerak bilatuz, jokoa hobetu zuen Eguzkiko gazte taldeak. 

Hasiera batean ez zen aurkariaren atera iristeko nahikoa izan. Korner batean Lasarte-Oriako taldeak helburua lortu zuen, ordea eta 2-1 gerturatu zen.

Eguzkiko jokalariei indarrak eman zizkien baina poztasunak minutu gutxi iraun zituen; Erainek hirugarren gola egin zuen.

Egoera zailean zegoen Eguzki Bodegas Ayesa, denbora aurka zuen eta txapelketa eskuratzeko arriskatu behar zen. Harmailetan Lasarte-Oriatik joandako bi autobus gogor animatzen ari ziren eta senitarteko eta lagunek bultzatuta balentria lortu zuen taldeak.

Lehenik penalti batean eta jarraian Markel Alvarezen gol izugarriarekin hirunako berdinketa eskuratu zuen.

Neurketa berdinketan amaituz gero, garaile izango zirela zekien taldeak Kixkik azaldu modura: "Aurten arau moldaketa batzuk egin dira azken fasean eta berdinketa egonez gero, penaltirik ez botatzea erabaki zen. Talde garaile erabakitzeko liga erregularreko postua kontuan izango zen eta gu hirugarren izan ginen; Erain laugarren".

Era berean, finaleko azken bost minutuak denbora gelditzen jokatzeko arautu zen eta azken minutu horiek sari gozoa izan zuen sufrimendua izan zirela onartu du prestatzaileak: "ez zen lan erraza izan, baina merezi izan zuen".

Finala denboraldiko laburpen bat izan dela onartu du Kixkik: "Beti kontra joan gara eta partidei itzulia ematen aurrera egin dugu. Denboraldi gogoangarria izan da eta nahiz eta sufritu, poztekoa da horrelako amaiera ematea".